EPICA - The Solace System EP (2017)

2016an The Holographic Principle aurkeztu bazuten ere, gordetan zuten material guztia ez zuten eskaini. Hala, eta hurrengo diskoa kaleratu aurretik, poltsikoan gordeta geratu zitzaizkien kantuekin The Solace System izeneko EPa kaleratu dute holandarrek. 
Bai lanaren hariarekin guztiz bat ez zetozelako bai kalitate aldetik nahiko ez zirelako, kanpo geratu ziren hainbat abesti The Holographic Principletik.

Hala ere, landuak eta egoki masterizatuak zeudela aprobetxatuz, galdu baino EP interesgarri honetan bildu dituzte.

Sei kantu helduk osatzen dute lan txiki hau. Egia da aurreko lanean txertatzeko modukoak ez direla, hala ere, badute duintasun nahikoa.

EPari izena ematen dion The Solace Systemek ematen dio hasiera. Leloari gatza eta piperra falta bazaio ere, Epicaren ikustua erraz antzematen zaio: koro arinak, gitarra biziak eta bikain uztartutako estudio-doinu rokeroa eta pasarte liluragarri eta lirikoak:



Fight Your Demonsek jarraitzen dio. Hau ere koro paregabeak irekitzen du, baina gorputza indartsuagoa du bigarren honek. Itsaskorra da eta disko nagusian bikain gera zitekeen. Architect of Light lasaiagoa da, komertzialagoa, baina amaiera partera badu pasarte epiko eta eldarniagarri bat. Ondoren, Wheel of Destinyren leloa dator. Kantuak bera ezer berririk eskaintzen ez badu ere, Simoneren nota garaiek erakargarri egiten dute leloa.

EP honetako balada Immortal Melancholy da. Agian berezitasun horregatik egin diote letra-bideo, izan ere, ez abestiak berak ez baitu aipagarria den ezer:


Eta, azkenik, Decoded Poetry. Kororik gabeko hasiera bihurria, ahots intsinuatzaileak eta amaiera gorena. Egia esan, lanean aurkituko dugun abestirik orekatuena eta beteena da. 

Epicaren hurrengo lan luzearen esperoan gaudenok asetzeko opiltxoa da The Solace System hau, eta lana ondo baino hobeto bete duelakoan gaude.

- Puntuazioa/ Score: 7.5/10
- Abestirik onena/ Best song: Decoded Poetry