LEAVES' EYES - King of Kings (2015)

Inoiz baino gerlariago datorzkigu oraingoan Leaves' Eyes taldeko kideak, antzinako bikingoen guda odoltsuentzako guztiz aproposak liratekeen kantuak eskainiz. Symphonies of the Night aitzindariaren parekoa ez bada ere, zukua atera dakioken albuma eskaini digute alemaniarrek oraingoan.
Eleberri klasikoetako poema eta istorioak alde batera utzi, eta iparraldeko pasarte epikoei egin diete so King of Kings honetan. Musikari dagokionez xume samarra izan arren, heldutasuna darien 10 kantu sakonek osatzen dute lana.

Lehen entzunaldian indar gutxiko doinuak nabagatik ere, emaitza ederrak oparitu dizkigute Erdi Aroko festak alaitzen zituzten melodiak eta ereserki bikingoak uztartuz. Hala ere, badira erritmo traketsdun pasarteak; batez ere Liv Kristinen ahotsari dagokionez, nota garaiak lekuz kanpo baitaude askotan. 

Ñabardurak gorabehera, hastapena du bikaina King of Kings honek. Sweven hasierako kantuak trebe biltzen du lana inguratzen duen atmosfera, eta aspaldiko garaietan murgilduarazten du entzulea. Ezpata eta ezkutua eskuan, albumari izena ematen dion King of Kings kantuak gudarako gertu jarriko du entzulea, emari patxadatsu baten harira. 

Indartsuagoak dira Halvdan the Black eta The Waking Eye, biak diskoaren singelak. Lehenengoaren leloa bortitza da oso, eta nabarmentzekoa da bigarrenaren estilo itsaskorragoa: 



Jarraian datorrena erakargarria izan daiteke Epica taldeko Simone Simons abeslariak parte hartzen duela jakinda. 

Feast of the Year instrumentalak Vengeance Venom aurkezten du. Alkoholez jositako erdi Aroko festak girotzeko aproposak dira kantuok, lelo alaidunak. Lelo jostagarriagoa du Sacred Vowk, desberdina baina gomendagarria. 

Jarraia, Simonen laguntzaz, Edge of Steel. Ez espero gauza handirik, ahots lirikorik ez baita nabari; leloari indarra falta zaio eta melodia ere ez da oso ona. Simoneren ahotsa nahastu egiten da Livenarekin eta abestian zehar ez da bereizten askotan nor den nor.

Haraldskvæði da lanean aurkituko dugun balada bakarra, baina bakana izan arren, lanak behar duen lasaitasuna eskaintzeko gai da bera bakarrik. Blazing Watersek dituen zazpi minutu eta erdian pasarte lasaiak eta bizkorrak entzungo ditugu lelo itsaskor bat apaintzen. Eta, azkenik, Swords in Rock, folk-estiloko kantu alai eta jostagarria.

Symphonies of the Nighten parekoa ez bada ere, merezi du entzutea. Bikingoen garaiko folk-a da nagusi, eta trebe ibili dira kontzeptu bakar baten harira doan diskoa argitaratzen. Leaves' eyes taldeak duen eskarmentua dela eta, argi dago aurtengo lanik esanguratsuenetako baten aurrean gaudela.


- Puntuazioa/ Score: 8/10
- Abestirik onena/ Best song: The Waking Eye