BEYOND FORGIVENESS - The Ferryman's Shore EP (2016)

2015ean zortzi  minutu mandoko The Hauntig singlea kaleratu ostean, berau laguntzen duten beste hiru kanturekin plazaratu du Beyond Forgiveness talde estatubatuarrak The Ferryman's Shore, dinamikoa bezain hetereogeneoa.
Maitagarrien ahotsak, pasarte epikoak eta zenbait ahots guturalek osatzen dute amerikarren lehen EP hau. Tartekorik gabe, abesti laburrak eta luzeak aurkituko ditugu, zein baino zein potoloagoa. Potoloagoa ez diogu soilik maila handikoak direlako, denetariko erritmoak eskaintzen baititu kanta bakoitzak. Horrek kantuen koherentzian eragin dezake, eta askotan trakets itsatsitako kantu bi entzun daitezkeelakoan gaude.

Hala ere, badago zer goraipatu. Intro sarrera-abestiak latinez errezitaldi laburra luzatzen digu, Dust To Dust bortitzari bidea samurtzeko. Maitagarriek hasten dute azken kantu hori, eta laster entzungo ditugu bateria eta gitarrak. Hasieran pasarte lasaia gailentzen bada ere, kantuaren erdi-partetik aurrera, lelo zoroa da nagusi. Izan ere, ematen du Dust To Dusten kantu desberdin bi daudela.

EPari izena ematen dion The Ferryman's Shoreen ere zebait pasarte desberdin daitezke. Nostalgia hasieran, ahots guturalek eztanda egiten duten arte. Erritmoa arindu egiten da orduan, kantika nostalgikoek berriro agerraldia egiten duten arte. Azkenik, beste ahots gutural-kantiko lasai txanda bat.

Perseverance gizonezko ahots batek hasten du. Honetan ere, pasarteak erraz bereiz daitezke. Hala ere Talia Hoit abeslariaren ahalmena agerian uzten duen kantua dugu. Azkenik, zortzi minutu t'erdi irauten duen Your Haunting Eyes dugu. Eskaintzen duenerako luzeegia bada ere, pasarte hunkigarri eta motibatzaileak ditu, baita lelo itsaskor eta dinamikoa ere.

Laburbilduz, zukua gehiago atera dakiekeen lau kanta interesgarri dakarzkigu The Ferryman's Shore honek. Pasarteak helduta eta garatuta, zeresana emango duen lan berri aurrean egon gintezke hilabete batzuren buruan. Ziur gaude denborak Beyond Forgiveness taldea generoaren lehenengo lerroetara eramango duela.


- Puntuazioa/ Score: 8/10
- Abestirik onena/ Best song: Dust To Dust