GOVERNORS - Morphinapolis (2013)

Sei urtetan lau disko grabatu eta kaleratzea ez da inongo txantxa. Zerbait berezia eduki beharko Governors taldeak. Morphinapolis da arrasatetarren azken lana, laugarrena, beraz, eta ez du ematen urteok taldea baretu dutenik.

2007ko Itxaron beharra ez da itxaropena diskoarekin egin ziren ezagun Governorseko kideak. Eta gogotsu, Galdutako laztanak bezalako abestitzarrarekin. Frenetikodorme (2010) ere ez zen atzean geratu, eta Kristal kolpatuak abestia urte hartako Hatortxu Rock ekitaldiaren ereserki bihurtu zen. Arrakasta itzela. 

Collage (2012) hirugarren lana lotsatia izan bazen ere, Morphinapolis anaia zaratatsua dugu. Izan ere, urteak igaro badira ere, bere horretan diardu taldea ezagun egin zuen doinu indartsu eta itsaskorrak. 

11 abestik islatzen dute disko berri hau. Betiko harian jarraitzen duten abestiak dira, biziak eta letra esanguratsudunak. Izan ere, kutsu-sozial handia eskutatzen du Morphinapolis honek. Bestalde, aurrekariak baino gutxiago ez da izango, azken honek ere badauka borroka-ohiu bat: Harresia, herri-harresien mugimenduaren himno berria. 

Gainontzekoak ere azken honen parekoak dira. Tarte indartsuak eta zaratatsuak pasarte leunagoekin eta lasaiagoekin nahasten dira, buruan errez gogoratzeko doinuak sortzeko. Gainera, Juan Sangreren ahotsa solik ez dugu entzungo, Hienaren Irribarrea abestian Napoka Iria taldeko Mirenen laguntza ere izan baitu. Eta kuriositatez, metal sinfonikoa gustoko duzuenok, atsegin egingo zaizkizue Kresalezko zaurietanen lehen notak. 

Esan bezala, gauza berririk ez: betiko Governors datorkigu oraingoan ere, 2007an bezain bizi eta gogotsu. Sustraiei tinko eta estiloz aldatzeko esperantza gutxirekin. Guk geuk, behintzat, eskertzen dugu. Kontuz ibil dadila entzulea, itsaskorregia  baita oso Morphinapolis hau.



- Abestirik onena/ Best song: Kresalezko zaurietan
- Puntuazioa/ Rating: 8.5/10