EPICA - The Quantum Enigma (2014)

2014ko urte honek gehiago harritu ezin izango gintuelakoan, hemen dira Epica holandarrak edonor ahoa zabalik uzteko bezalako lanarekin.

Ezin esan daiteke Requiem For The Indifferent, 2012an kaleratu zuten bostgarren lana, taldearen lanik onena izan zenik. Eskas samarra, eta gehiagoren esperoan utzi gintuena.

Tira, kitto itxaroteari. Heldua, trinkoa, ondo neurtua. Laburbilduz, bikaina, hasieratik bukaeraraino. Oso lan betea eta kontraste handikoa. Gainera, Simone Simonsen haurdunaldiak mesede handia egin dio ahotsari, eta inoiz baino ahaltsuago ageri da.

Originem sarrera-kantuari esker ematen digu The Quantum Enigmak agurra. Ezohiko kantua, eta hobeak eskeini dizkiguten arren, hasiera egokia ematen dio The Second Stone bigarren kantuari. Bizkor hasten den kantua dugu azken hori, entzulea bateriak nagusi diren zurrunbilo batera murgilduz. Holandarren ikutua errez suma daiteke. Estribilo lasaia dauka, eta oso doinu progresiboak entzun daitezke. 

The Essence Of Silence da diskoan gordeta daukan altxorretariko bat. Bibolinek apaindutako hasiera geldoa ez du gerora datorrena iragarten uzten. Gitarra eta bateria zoroak, ahots gutural sakonak eta Simonen ahots ezin hobea. Emakume-ahots garaiak ederto nahasten dira infernutik datozen deiadarrekin, eta koroak abestia borobiltzen du. Dudarik gabe, diskoan aurkituko dugun abestirik onenetarikoa.

Victims Of Contingency gogorragoa da, hasieran behintzat. Estribilora heldu arte koroak eta ahots guturalak dira nagusi. Simone da nagusi tartean, doinu progresiboei ahotsa jarriz. Oso gomendagarria.

Sense Without Sanity da lan honetan aurki daitekeen arte-lanetako bat. Nahasketa handiko zazpi minutudun abesti ez da Kingdom Of Heaven (Design Your Universe, 2009) mailara heltzen, baina urrun ere ez da geratzen. Estilo desberdinak suma daitezke, eta guztiek batera nahiko trinkoa den abestia osatzen dute. Pasarte lasaiak eta azkarragoak tarteka.

Bigarren altxorra, Unchain Utopia. Sarrera bikaina koro argiaren eskutik. Bibolinek eta tartekako bateria doinek, berriz, Jarraipen oso egokia eskeintzen dute. Pasarte komertziala, eta estribilo harrigarria. Bukatzeko, Simone ahalmentsu ari da koroa gaindituz. Amaiera bikaina.

The Fifth Guardian tarte-abesti instrumentala da, doinu asiatikoz betea. Jarraian Chemical Insomnia zoroa dator. Arina eta indartsua hasieran, geldoagoa aurrera joan ahala. Estrbilo epikoduna, eta pasarte oso komertzialak dituena.

Reverence zenbat eta gehiago entzun orduan eta gehiago gustatzen zaigun kantua dugu. Epicaren jatorriak eguneratzen ditu abesti osoan zehar, eta Design Your Universe lana gustoko izan zenutenok arin batean sumatuko duzue. Koroak nagusi estribiloan.

Omen, balada itxura eduki arren, alaia da oso. Oso komertziala baina atsegina. Ahots gurulak ere entzun daitezke amaiera aldean.

Canvas Of Life da The Quantum Enigma honetan entzun ahal izango dugun balada bakarra, gitarra flamenkoz apaindua. Nahasketa bitxia.

Eta hirugarren eta azken altxorra, Natural Corruption. Consign to Oblivion (2005), taldearen bigarren lanean entzun daitezken doinuekin hasten da, eta jarraian Simonen ahotsa nabarmentzen da. Pixkanaka-pixkanaka doa gero eta garaiago estribilora heldu arte, non eztanda egiten baitu. Amaiera itzela dauka.

Eta bukatzeko, diskoari izena ematen dion bigarren maisulana. The Quantum Enigma, Design Your Universe lanean eskaini zuten Kingdom Of Heavens kantuaren ondoregoa dugu. Hamar minutuko kantutzarra pasarte desberdinez betea. Oso modu egokian ematen dio amaiera diskoari. 

Simonen ahots ezinhobea entzun nahi baduzue, ezin duzue The Quantum Enigma hau galdu. Borobila eta aurten kaleratu den eta kaleratuko den lanik onenetarikoa, onena ez bada. Lan bikaina egin dute holandarrek oraingoan, eta espero dugu horrela jarraitzea.


- Abestirik onena/ Best song: Unchain Utopia
- Puntuazioa/ Score: 9.5/10