XANDRIA - Fire & Ashes (2015)

Sonata Arcticaren Don't say a word abestia emakumezko soprano baten ahotsetan entzun nahi? Xandria talde alemaniarraren azken EPa entzun beharrekoa duzu orduan! 
Hurrengo album luzea kaleratu bitartean, jarraitzaileoi itxaronaldia samurtuko digun bokadutxoa eskaini berri du Xandria taldeak, Dianne van Giersbergen abeslariaren bigarren lana. 

Hiru abesti berri aurkezteaz gain, propio dituzten pare bat kantu birgrabatu eta beste hainbeste bertsio oparitu dizkigute, tartean gaurkoan dakarkizuegunari benetako balioa ematen dion Sonata Arctica finlandiarren Don't say a word (Reckoning Night, 2004). 

Kantu berrietako batekin hasten da Fire and Ashes, Voyage of the Fallen kantutzarrarekin, alegia. Bai esperientzia bai potentzia gorabehera, Dianneren ahotsari Tarja Turunen (Nightwisheko abeslri ohia) abeslariarenaren antza suma dakioke abesti horretan. Koro bortitzak eta ahots liriko garai eta basatiak; nahasketa bikaina.

Unembrace ere bizia da, baina ez da aurrekoaren parera heltzen. Hala ere, pasarte arinak eta lasaiak uztartzen dira, eta Dianneren ahotsaren indarra azaleratzen du kantuak. In Remembrance, berriz, balada klasikoa da.

Aurrekoak abesti berriak izan diren bitartean, gainontzekoak klasikoen bertsioak dira: taldeak idatziak batzuk, beste talde batzuei hartuak besteak. Bigarren talde horretakoa dugu I'd Do Anything for Love (But I Won't Do That), Meat Loaf abeslari amerikarraren abestiaren bertsioa. Hasiera lasaiduna da, erritmo itsaskorduna, gabonetarako oso aproposa.

Ravenheart eta Now and Forever taldeak aspaldi kaleratutako abestiak dira. Entzuleak aldera ditzala, baina gure ustean duin aritu da abeslari berria bertsioetan. Eta, azkenik, EP honek eskaini duen sopresarik interesgarriena: Sonata Arcticaren Don't say a word kantuaren bertsioa. Ez da lanean aurkituko dugun kanturik onena, baina bai kuriosoena. Jatorrizkoa ezagutzen duenak gustuko izango du, nahiz eta taldeak goitik behera aldatu duen.

Fire and Ashes hau entzunda, ezin uka daiteke emakumezkoen ahotsen aldetik Xandriak asko irabazi duela Dianne taldera batu zenetik. Bide onetik doaz alemaniarrak, eta azkarrak izan dira metalean aurki daitezkeen ahots indartsuenetariko bat aukeratzen. Haien hurrengo estudio-lanaren esperoan gaituzte.




- Puntuazioa/ Score: 8.5/10
- Kanturik onena/ Best song: Voyage of the Fallen