ELUVEITIE - Evocation II - Pantheon (2017)

Garai berriak Eluveitie suitzarrentzat. Musikaz gain, taldeak ere jasan izan du aldaketa sakona, lau kidek proiektua uztea erabaki baituzten. Hala ere, taldea berrantolatuta, erro folklorikorikoei heldu diete berriro ere Evocation II bigarren kapitulo akustiko honetan.

Disko honetan Fabienne Ernik ordezkatu ditu taldeko ikur zen Anna Murphyren ahotsak, trebe gainera. Kondaira-kutsua darion ahotsari gainontzeko instrumentuak gehituta, 18 kantu laburrez osatutako lan erdi-instrumentala dugu. 

Evocation II hau antzua da metalari dagokionez, baina entzulea antzinako bizipen gaelikoetara eramango du, Erdi Aroko guda eta festa doinuetara.


Arestian esan bezala, kantu instrumentalak dira nagusi, baita kantu batetik besterako zubiak ere. Horietan magia basatia da aipagarri. Hala ere, badaude oasiak ere. Izan ere, badaude gaelikoz abestutako kantu osoak ere bai.

Epona jainkosari eskainitako kantua da lehena, laneko bigarrena:


Ildo berari segika, Lvgvs dugu, lasaiagoa eta ederragoa, agian:



Catvrix bortitza eta iluna:


Eta, azkenik, Artio deiadar goibela, eta kantu batetik besterako trantsizio bezala diharduena. 


Osotasunean hartu eta entzun beharreko lana dugu Evocation II - Pantheon hau. Aldaketak gorabehera, Eluveitiek sasoi betean jarraitzen duen erakusgarri da. Folka maisuki jorratzen dutela erakutsi dute azken lan honekin, metaletik apur bat aldendu, eta guda-ereserkiak eta kantu goibelagoak uztartzen inor baino hobeak direla demostratzeko. 


- Puntuazioa/ Score: 7.5/10
- Abestirik onena/ Best song: Catvrix