AEREVERIUM - Time (2017)

Doinu industrialak eta rockeroak uztartzen dituen lana eskaini digute alemaniatik datorren Aeverium taldeak. Time du izena euren bigarren lan luze honek: heldua, armonikoa eta oso homogeneoa. 
Talde nahiko gaztea da Aeverium eta, egia esan, merkatua ase dagoenean jaio dira. Hala ere, urte hauetako lan ekinari esker, generoan tartetxo bat erdietsi dute eta ziur daude tartea zabalduko dutela.

Izan ere, euren webgunean adierazi duten bezala, talde askok tonua bajatu izana kritikatzeaz gain, galtzear dagoen metal indartsuaren ikurtzat dute eruen burua.

Intentzioa ona bada ere, Time entzun ostean agian euren helburutik zertxobait urrun daudela esan daiteke. Rock komertziala jorratzen dute batik bat, Evanescencek edo Amaranthek egiten duten antzera. Dena den, 10 kantuk osatzen duten lan honek merezi du entzutea.

Singel bezala ere kaleratu duten Huntedek ematen dio hasiera. Primeran geratzen dira xuxurlak doinu industrialen gainean:


Diskoari izena ematen dion Time dator gero. Progresiboagoa da eta amaiera partean badu pasarte epiko eta motibatzaile bat. What About Me apur bat ilunagoa da eta azaleratu egiten du Aevaren ahots lirikoa:


Home baladan ahots garaiak eta lasaiak nahastu egiten dira gizonezkoen boz gogorragoekin. Hasiera psikodelikoa du Brave New Worldek, ahots guturalek badute pisua eta orokorrean metal industriala jorratzen du. Ildo beretik doa Can`t Break Me Down.

Diskoko bigarren balada Resurrected. Aurreoaren antzera emakumezko eta gizonezko ahotsak primeran nahasten dira piano eta gitarra-doinuen laguntzarekin. Bukatze aldera, bideoklipa eskaini dioten hirugarren kantua: Vale of Shadows. Astuna, indartsua eta nahiko borobila:



World Inside My Headek komertziala badirudi ere, amaiera partean Aevak pasarte liriko bortitza eskaintzen du. Eta, azkenik, My Farewell laneko hiru baladetatik ederrena. Ahotsak gorenak dira eta amaiera borobila ematen dio diskoari. 


Bikaina eta berritzailea ez bada ere, ibilbide oparo baten hastapena izan daiteke. Rock industrial eta komertzialagoa gogo dutenek laket izango dute Aereverium alemaniarren Time hau. Gu geu gehiagoren esperoan gaude.


- Puntuazioa/ Score: 8/10
- Abestirik onena/ Best song: World Inside My Head