SIRENIA - Dim Days of Dolor (2016)

Arazo pertsonalak medio, Ailyn espainiarrak taldea utzi eta norvegiarrei Emmanuelle Zoldan frantziarra batu zaie aurten. Azken horrekin kaleratu dute Dim Days of Dolor iluna, euren zortzigarren lana. 
Makina bat abeslarik eman dio ahotsa Morten Velandek sortutako doinuei. Azken urteotan taldea nahiko egonkor bazebilen ere, arazo pertsonalen ondorioz, Ailynek agur esan behar izan zion Sireniari. Hutsa betetzeko asmoz, Emmanuelle Zoldan ezaguna batu zaie norvegiarrei. Ezaguna diogu kororaren parte izan baita An Elixir for Existance (2004) haien bigarren lanetik aurrera kaleratutako lan guztietan. Mezzo-sopranoaren gorentasuna baliatuta, zortzigarren lan honek indarra eta izaera gehitu dio Sireniaren ibilbideari. 

Hamaika abestik osatzen dute Dim Days Of Dolor, eta gehigarri bezala, azken abestiaren bertsio bat ere aurkitu dezakegu frantzesez. Doinu ilunak, guda-ereserkiak eta erritmo itsaskorrak ditu nahi beste zortzigarren lan honek, Sireniaren esentzia mantentzeaz gain, ikutu berritzaileak gehitzen dituztenak. 

Sarrera-kanturik gabe, Goddess Of The Sea abestiak ematen dio hastapena lanari. Koro indartsuak hasieratik eta guda-ereserki itsura duten pasarteak. Leloa lasaia eta epikoa da eta Emmanuellen ahotsa mugarik gabe luzatzen delako itxura hartuko du entzuleak.

Jarraian, lanari izena ematen dion Dim Days of Dolor. Oso da itsaskorra, eta diskoan aurkituko dugun komertzialena da. Jarraitzaileoi ezagun egingo zaizue, Perils of the Deep Blue (2013) laneko Ditt endelikt abestiaren antza baitauka:




Iluntasunera garamatza ondoren The 12th Hourek. Soprano-ahots ahalmentsuak hasieran eta, jarraian, eztanda egiten du, diskoan aurkituko dugun abesti beteena eskainiz. Ahots guturalek ere indarra dute, eta Sireniaren estiloa funtsean jorratzen duen abestia dela esan daiteke:



Treasure N' Treason abestiak norvegiarren ibilbidean aurkitu izan ditugun doinu asko batzen ditu, batez ere Aylinekin grabatutakoak. Arina, freskoa eta pasarte liluragarriduna. Cloud Ninek industrial ikutuak ditu koro garaiekin nahastuta. Iluna eta nortasun handikoa. Ashes To Ashes enigmatikoa da hasieran, eta oso ritmikoa. Lelo ederra du, nahiko itsaskorra. Elusive Sunek taldearen hastapenera gidatuko gaitu, eta Playing with Fire, berriz, berritzailea da oso. Hots, itsaskorra eta ahots sintetizatuz josia.

Amaitze alde, Fifth Column lasaia da eta bateriak indar handi du, eta baita guda-soinuz betetako pasartea ere. Eta, azkenik, lanean aurkituko dugun balada bakarra, Aeon´s Embrace, piano notez ornitua.

Laburbilduz, lan iluna, nortasun handikoa eta Sireniaren hastapenetara salto egiten duena. Hala ere, Emmanuellen ahotsaren ahalmena askatzeko saiakera hobea egin beharko zuten, baina lanak bistaratzen du taldeak norabide egokian jarraitzen duela. Zer esana emango duen lana, dudarik gabe.

- Puntuazioa/ Score: 8/10
- Abestirik onena/ Best song: The 12th Hour