DIABULUS IN MUSICA - Dirge for the Archons (2016)

Ardo onaren antzera hoberantz baino ez dute egiten Diabulus in Musica naparrek urteak pasa ahala. 2014an Argia kaleratu ostean, bi urte beranduago langa mantendu duen Dirge for the Archons lanarekin datorzkigu berriro ere.


Grezia klasikoko mandatariei eginiko hileta-kantuak hutsalak ezin izan. Guden gordintasuna eta xarma uztartzen ditu 13 kantuz osatutako Dirge for the Archons honek. Sentimendu gordinenak, hausnarketak eta, batez ere, epika asko dira naparren laugarren lana maneatzen duten osagarriak.

Aurrekoetan bezala, sarrera-abesti batek ematen dio hasiera istorioari. Battle of Atlantis datorrenaren hastapena da, eta itsasoen sakontasunetik lurrera salto egiten laguntzen dio entzuleari, Earthly Illusions kantura hain zuzen. Gora eta gora egiten duen leloa du aipagarri:


Marble Embrace aurrekoaren antzekoa da, Zuberoaren ahotsa garaiago heltzen bada ere zenbait pasartetan. Kantua borobiltzen duten koroei Therion suediarren estiloa darie. Invinsible-ek hartzen dio lekukoa gero, hasiera ederdunak eta lelo indartsudunak:


Jarraian, lanean aurkituko dugun kanturik biziena, Crimson Gale. Bateria azkarra da nagusi hasieran eta, kantuan zehar, berriz, pasarte arinek salto egiten dute larre zabaletara:


Epika albo batera utzi, eta estilo berri bat jorratzen dute naparrek Ring Around Dark Fairies` Carousel. Misteriotsua, iluna, jostagarria; ameriketako feria abandonatu eta beldurgarri baterako soundtrack egokia. A Speck in the Universe baladarekin berriro heltzen diote lanaren muinari, later askatuko badute ere. Izan ere, Hiding from you izan dateke diskoan aurkituko dugun abestirik komertzialena. Emakume eta gizonezko ahots garbi eta guturalak bikain nahasten dira kantu borobil honetan. Sirenia norbegiarren jarraitzaileei ezagun egingo zaie abestiak duen egitura eta baita zenbait pasarte ere.

The Voice of your Dreams kantuarekin ez dute erabat alde komertziala baztertzen, baina ggorragoa dela esan daiteke. Zuberoaren ahotsa da nagusitzen da, aipatzekoa bada ere gitarrak eta koroak duten pisua.

Amaitze aldera, The Hawk's Lament instrumentalak iluntzen ari duen landa batera garamatza Bane baladarantza, belatzari segika. The River of Loss-ek du abesti indartsuagoen lekukoa eusteko ardura diskoa amaitzen doan ahala, eta lan honetan aurkituko dugun emanaldirik bikainena eskaintzen digu. Bateria arina, Invinsible kantuaren antzeko leloa, bibolina, koplak, koro oldarkor eta enkantantuak eta ahots gutural leherkorrak. Eta azkenik, harribitxi bat: Zauria. Agian diskoaren muinarekin ez dator bat, baina euskara eta gaztelera nahasten dituen balada honek bertigoa eragiten dio entzuleari, darion edertasunak ertzak zabaltzen baitizkio edonori. Ahots lirikoak eta soinu akasgabeak. 

Dotore heldu diote laugarren lana kaleratzeko erronkari. Diabulus in Musica naparrek hasiberriei leporatzen zaizkien zalantzak eta kezkak atzean utzi zituztela erakutsi zuten Argiarekin, eta Dirge for the Archons honekin hori berretsi baino ez dute egin. Misterioa, epika eta edertasuna uztartzen dituen disko bikaina dugu, euskal metalzaleak harro egoteko arrazoi potoloa. 

- Puntuazioa/ Score: 8/10
- Abestirik onena/ Best song: Crimson Gale