DARK SARAH - The Puzzle (2016)

Amberian Dawn utzi eta bere bakarkako ibilbideari ekin zionetik, inork ez ditu uztartzen antzerkia eta metala Heidi Parviainen finlandiarrak baino hobeto. Horren erakusle da The Puzzle, bere bigarren lana.
Jendearen ekarpenei esker atera du aurrera sopranoak bere bigarren bakarkako lan hau. Behind the Black Veil   (2015) lehenengo lanean kontatu zuen istorioaren jarraipena dugu 10 kantuko disko hau. Azken honetan ere artista ezagunen laguntza izan du.

Hastapenean Breath kantua dugu. Lasaia eta introspektiboa. Island in the Mist da laneko lehen abesti osoa. Rockeroa, jostagarria eta lelo oso itsaskorduna. 


Irlara heldu ostean, Sarahk pertsonatxoak ikusten ditu, eta hala kontatzen du Little Men kantuak, diskoaren iragale izan dena:



Ash Grove arinagoa da, biziagoa. For the Birds, berriz, lasaiagoa da eta arreta handiagoa jartzen dio edertasunari. Lelo garaiagoa du, askoz ere lorikoagoa. Deep and Deeper ere ildo beretik doa, zerutiarragoa bada ere.

Dance With the Dragon kantuan Jp Leppäluoto abeslariaren laguntza izan du Heidik, eta biek batera oso balada teatrala osatu dute:



Cliffhanger kantak ere bikain uztartzen ditu lirika eta edertasuna, eta balada bat ez bada ere, oso lasaia da. Amaitze aldera, Aquarim abesti kaotikoa eta astunagoa dugu, Delain taldeko abeslaria den Charlotte Wessels abeslariaren laguntza izan duena:




Eta, azkenik, urteetako laguntasuna islatzen duen balada: Rain. Behind the Black Veil aurreko lanean bezala, oraingoan ere Manuela Kraller soprano alemaniarrak eskua luzatu dio finlandiarrari, eta biek batera The Puzzle honi amaiera duin eta hunkigarria eman diote, doinu zeltaz josia.

Dark Sarahk 2015ean hasi zuen bidaiaren etapa introspektiboagoa dugu The Puzzle hau. Antzerki-kutsua duten abestiak dira nagusi, eta badaude balada eder eta kantu rockeroagoak ere. Behind the Black Veil ilunagoa eta metaleroagoa bazen ere, The Puzzle honen edertasuna da gorestekoa. Izango al du Dark Sarahk hirugarren abenturaren bat? Baiezkoan gaude.

- Puntuazioa/ Score: 8/10
- Abestirik onena/ Best song: Island in the Mist