EPICA - The Holographic Principle (2016)

Errealitatearen funtsa bera kolokan jartzeko asmoz, Epica holandarrak badatoz The Holographic Principle euren zazpigarren lanarekin. Ahots guturalak eta koro epikoak ziurtatuta daude genero sinfonikoari irmo heltzen dion eta ikur den taldearen opari berrian.

The Quantum Enigma (2014) aurrekariak aurrerapauso handia suposatu zuen taldearen ibilbidean. Abestiei zerien heldutasunak eta kalitateak maila gorenean kokatu zituzten nederlandarrak.

Langa mantentzea lan nekeza izan zitekeela aintzat hartuta, Epicak lekukoari duintasunez heldu diola aise esan daiteke, eta baita, besteak beste, The Holographic Principal honetan orain arte entzun ditugun sinfonia indartsuenak eskaini dizkigutela ere. 

Eidolak du diskoari hasiera emateko ohorea. Tradizioari jarraituz, koroek dute garrantzia hastapen-kantu honetan. Hala ere, berrikuntza bezala, ume baten ahots fin eta garaiak izakera gehitzen dio, eta bikain ematen du melodia liluragarri eta tronboi doinu sakonei. 


Koroek entzulea goian utzi eta isildu egiten dira, Edge of The Blade lehen kantu luzeari bidea errazteko. Erritmo arinak eta lelo oso itsaskorra; bigarren singela izateko oso aproposa. Marken orro guturalek ere badu lekua, eta orobat, oso entzungarria den kantu komertzialtxoa dela esan daiteke:


A Phantasmic Parade birritan entzun behar da gutxienez duen zukua atera nahi badiogu behinik behin. Hasiera nahiko komikoa badu ere, koroek gidatzen duten leloa itzela da. Azkenean, pasarte lasai eta jostagarriagoak ondo nahasten dira pasarte epikoagoekin, eta diskoan aurkituko dugun kanturik beteenetariko bat dela dioena ez da erratuko.

Jarraian, Universal Dead Squad, lehenengo singela. Hasiera instrumental lasaiak gutxi irauten du eta eztanda egiten du Epica hutsa darion erritmo zoroak aurre hartzeko. Lelo itsaskorra du, baina ez da The Edge of the Blade bezain komertziala.

 

Divide and Conquer nahiko heterogeneoa da. Izan ere, hasiera ederra dauka, eta bat-batean, koroak giroa apurtu eta gitarrek hartzen dute lekukoa. Ez da kantu eskasa, baina bai xumeenetakoa, batez ere kohesioa falta zaiolako. 

Zapore mingotsa kentzeko, Beyond The Matrix bortitza. Honetan ere koroen indarra da nabari, lelo argi eta erritmo egokiduna eskaintzen duena. Hasieratik amaierara epikoa, tartean pasarte entzungarriagoak dituena.

Once Upon a Nightmare izan daiteke inoiz entzun dugun baladarik ederrena. Hasiera ilun baina hunkigarria, Simonen ahots lirain eta lasaia eta, atzean, orkesta leuna. Erdi aldera, Simonen ahotsak gora egin ahala, kantuak eztanda egiten du, bizkortu egiten da, eta abesti borobil eta bikain bihurtzen da. 

The Cosmic Algorithm, aurrekaria ez bezala, gogor hasten da. Koroek dute zeresana oraingoan ere, eta pasarte oso melodikoak ditu orokorrean. Eztanda egitera ez da heltzen, baina errez jarraitzen zaio erritmoari. Ascension bikaina da oso. Enigmatikoa dirudi hasiera, Simonek jostagarri egiten baititu agerpenak, eta arin eskutatu bateria eta gitarra arinen atzean. Kantuak, aurrera joan ahala, pisua hartzen du, lelo goren eta bortitzera heldu arte. 

Dancing in the Hurricane lasaiagoa da. Erdi Aroko azoketako doinu arabiarrekin hasten da, eta goren heldu gabe, lelo interesgarria eskaintzen du. Tear Down Your Walls iluna da hasieran, eta arin egiten dute agerpena bateria eta gitarra zoroek, erritmo kaotikoak sortzeko. Arina da oso, eta lelo oso egokia du, ahots leunak koro handikoiekin nahasita. 

Eta, azkenik, lanari izena ematen dion The Holographic Principle hamaika minutu t'erdiko kantutzarra. Zati anitz du eta aurrekarietan legez, Epicaren nortasuna ondoen gogorarazten diguten elementuek osatzen dute: pasarte lasaiak, lelo epikoak eta gitarra eta bateria zoroak, besteak beste.

Laburbilduz, Epica hutsa hamaika abestitan. Taldearen lanik esanguratsua ez da agian, baina bai helduena eta soinu bortitzenekoa. Abesti oso interesgarriak aurkituko ditugu, eta aurtengo lanik itxaropentsuena izateaz gain, onena ere izango dela aise esan daiteke. 


- Puntuazioa/ Score: 9
- Abestirik onena/ Beste song: Once Upon a Nightmare