TARJA - The Shadow Self (2016)

Urte oparoa aurtengoa Tarja finlandiarrarentzat. Izan ere, bere laugarren lan luzea aurkeztu aurretik zer eta EP potolo bat kaleratu baitu, The Brightest Void izenekoa. Testiguari irmo helduz, estiloso datorkigu The Shadow Self, metalaren erreginaren azken mokadutxo hau.
Zuri-beltzean, elegante. The Shadow Self, sopranoaren ahotsaren gailurra. Metaletik gutxika urruntzen badoa ere, disko berri bakoitzarekin finlandiarrak ahotsarekin zer egiteko gai den erakusten digu, eta zur eta lur uzten gaitu beti.

Abestiek estilo anitz bistaratzen badute ere, denek dute ardatz gisa antzerki-ñabarduraz jositako erritmo hantustetsua. Horren ikur da Innocence, The Shadow Self honi hasiera ematen dion kantua. Diskoan aurkituko dugun luzeenetakoa izateaz gain, heterogeneoena ere badela esan daiteke. Izan ere, tartean piano-solo luzea dauka, oso pertsonala antza. Gainontzekoa, hasiera patxadatsua eta gora doan lelo sinple baina indartsua. Hona hemen bideoklipa:



Alaia eta freskoa du hastapena Demons In Youk, jazz ikutuduna. Hala ere, lehenengo notek lekua uzten diete doinu gogorragoei, Alissa White-Gluzz abeslari kanadiarraren ahots guturalek lagunduta. Pasarte jostagarri eta sendoak haran garbi eta entzungarriagoekin nahastuta. No Bitter End ezaguna dugu jada, The Brightest Voiden entzuteko aukera izan baikenuen. Balada kutsua duen pasarte lasai baten ostean oso rockeroa den kantua datorkigu. Oso itsaskorra eta Tarjaren oihuez ornitua:


Love To Hatek pelikula batetik ateratakoa dirudi. Bibolinek itxura epikoa eskaintzen dute eta finlandiarraren ahots bortitzak eta pasarte maitagarriagoek oilo-ipurdia jarraraziko digute. Supremacy izenak ohore egiten dio kantuari. Patsadatsu gordetzen du energia, apurka-apurka jario, azkenean eztanda egin arte. The Living End da disko honen lehenengo balada. Egokia eta oso arina.  

Diva oso da esanguratsua abeslariaren ibilbidea kontuan hartuta. Lelo potentea eta amaitzera doala ematen duenean berriro ere gogor ekiten diona. Gainontzeko notetan etsipena eta nostalgia ere suma daitezke. Eagle Eyek argi uzten du hasieratik Tarjaren ahotsak duen elastikotasuna. Balada kutsua duen kantua da, lasaia, baina lelo potenteduna. Under Taker arinagoa da, eta diskoan aurkituko dugun abestirik koherenteena eta osoena. Erritmo oso itsaskorra eta saltaria, lelo metalero eta egundokoduna.

Calling From The Wild mehatxutzaile hasi eta hala bukatzen da, eta abesti osoan zehar sopranoaren ahotsa da nagusi. Azkenik, Too Many, hamabi munutuko abestitzarra, The Shadow Self honetan aurkituko dugun luzeena. Hasiera bareak zakar egiten du eztanda zortzigarren minutura arte. Abestiak geldialdi bat egiten du eta entzuleak pentsa lezake bukatu dela. Baina ez, sorpresa gisa hamaikagarren minutuan bizi dator berriro eta doinu elektronikoak ere eskaintzen ditu, oso itxura onekoak, egia esan.

Labur, oso lan heldua eta askotariko. Agian Nightwish taldearen jarraitzaileei deskafeinatuegia egingo zaie, baina, onar dezagun, komertzialagorantz jo zuen finlandiarrak aspaldi. Aurtengo diskorik onena agian ez, hala ere, dudarik, entzun beharrekoa.

- Puntuazioa/ Score: 8/10
- Abestirik onena/ Best song: Under Taker