DELAIN - Moonbathers (2016)

Lunar Prelude EPak jarraitzaileak aho bete hortz utzi ostean, Delain holandarrek Moonbathers lan betea aurkeztu dute azkenean, euren ibilbideko bosgarrena.
Bigarren mailako taldea izateari aspaldi utzi zioten herbeherearrek, besteak beste, April Rain (2009) edo The Human Contradiction (2014) lanei esker. Doinu fidelek eta Charlotten ahots liluragarriak Delain lehen planora soilik ekarri ez eta generoaren ikur ere bihurtu dute. Moonbathers hau aurrekariak bezain borobila ez bada ere, bidea finkatzen ari diren seinale da.

Hasiera hasieratik dena emate aldera, denboraldi honetan leku orotan dagoen Alissa White-Gluzen laguntza izan du Delainek Hand of Gold kantuan. Charlotten ahotsak dituen erregistro anitzazaleratzen dituen abestia da: sorgingarria eta laua, mehexeagoa eta sentsualagoa, eta leloan antzeman daitekeen rockeroagoa. Alissaren ahots guturala bikai doakio holandarraren ahots samurrari.

The Glory and the Scum sakonagoa da, helduagoa. Pausoka da hasten, eta guda-ereserki itxura duen leloa dauka; tartean pasarte instrumental esanguratsua ere badauka:



Suckerpunch ezagun egiten zaigu, Lunar Prelude EPko singela ere izan baitzen. Entzungarria eta lelo deskafeinatu baina itsaskorduna:


Hurricane kantuak hasiera tragikoa eta ilun samarra dauka. Balada-kutsudun abestia da, gutxika-gutxika handi egiten dena. Chrysalis-The Last Breath da Moonbathers entzungo dugun lehen balada. Mezzo erregistro bikaina eta pasarte magikoduna. Fire with Firerekin agur lasaitasunari. Pisutsua da eta leloak eztanda egiten du ohiu bortitz batekin.

Koroak sakon egiten du Pendulum zenbait pasartetan, eta orokorrean Delainen estiloa egoki jarraitzen duen kantu estandarra da. Dansa Macabre etniko hasten da oso, doinu elektronikoak eta gainontzeko instrumentuak batzen zaizkion arte. Scandal Queen talde mitikoaren abestiaren bertsio rockeroagoa da, egokia. Turn the Lights Out lelo garaiduna da. Eta, azkenik, The Monarch ederra. Instrumentala da ia, pasarte txiki batean Charlotten hitz liluragarriak agertzen baitira.



Orobat, lan zaindua eta abesti interesgarri nahikotxoduna. Ez da Delain holandarrek kaleratu duten onena, baina bai kontuan hartzekoa. Jarraitzaileek atsegingo duzuen diskoa da, eta adurretan utziko zaituztena hurrengoaren zain.


- Puntuazioa/ Score: 8/10

- Abestirik onena/ Best song: Fire with Fire