LACUNA COIL - Delirium (2016)

Aurtengo diskorik esperoenetarikoa aurkeztu du Lacuna Coil taldeak. Delirium du izena italiarren zortzigarren lanak, izena bezain iluna.
Aise egon liteke Delirium duela zenbait hamarkadetako zoro-etxe estugarri batean oinarrituta. Ahots guturalak nagusi izateaz gain, doinu ilunek inoiz baino goibelago eta basatiago egin dituzte lana osatzen duten hamaika abestiak.

Lehenengo entzunaldian kantuek kaotikoak ematen badute ere, pasarte eldarniagarriak eta lasaiagoak bikain uztartzen dituen diskoa dela nabarituko dugu entzun ahala. 



Kaos horren errudun The House of Shame lehen kantua izan liteke. Kantu heterogeneo eta egongaitz honek garrasi bortitzak, lelo apurtzaileak eta pasarte aingerutarrak nahasten ditu, entzuleak zoro-etxeetan bizi zutena paira dezan:



Broken Things zakarra bada ere, egonkorragoa da. Andrea Ferroren garrasiak Cristinak leuntzen ditu, leloan bien indarrek bat egiten duten arte. Bateria pisutxuak, ohiuak eta doinu arabiarrak ederto datorzkio bigarren kantu honi. Delirium abestiak ematen dio izena diskoari. Eldarnio lasaia eta entzunerraza eskaintzen du, lelo sinple baina itsaskorduna:



Blood, Tears, Dust izan daiteke Delirium honetan aurkituko dugun kanturik orekatuena. Ahots guturalak, Cristinaren ahots garai eta sorginduak eta gitarra soloak. Downfall ere lasaia da, nahiko komertziala eta aurreko kantuen ostean beharrezko patxada. 

Take Me Home ume abeslari eta beldurgarriek hasten duela entzunda, berriro ere eldarnioan murgilduko garela argi dugu. Pasarte bareak baditu ere, leloa jostaria du. You Love Me 'Cause I Hate Youk leloa du gogorra, baina gainontzekoa nahiko baketsua da. 

Ghost in the Mist ere oso orekatua da. Hasiera bizkorra, lelo jasotzailea eta amaiera basatia:

 

My Demons aurrekoren antzekoa da, baina lelo lasaiagoduna. Claustrophobian Cristinaren ahotsa da nagusi, ederra, eta, azkenik, Ultima Radio bihurria. 

Dark Adrenaline (2012) seigarren diskoaren hariari jarraiki, italiarrek entzulea gaixotu eta sendatuko duen diskoa aurkeztu dute. Ahots guturalen nagusitasuna aipatzekoa da, baita Cristinaren pasarte garaiak ere. Birritan entzunda, aurtengo diskorik onenetarikoaren aurren gaudela erraz nabarituko dugu. Lacuna Coil hutsa beste behin. 


- Puntuazioa/ Score: 8.5/10

- Abestirik onena/ Best song: Blood, Tears, Dust