NEMESEA - Uprise (2016)

Bost urteko ixilunearen ostean, inoiz baino bortitzago datoz Nemesea holandarrak Uprise izeneko lanarekin. Hamar abestidun albuma aise izan daiteke aurtengo diskorik esperoenetarikoa. 

2011an The Quiet Resistance kaleratu zutenetik ezer gutxi jakin dugu Nemesearen inguruan. Itxaronaldia luzea izan bada ere, Uprise sorpresaz beteta datorkigu.

Izan ere, nortasun handiko lana dugu, estilo anitzez hornitutakoa. Eroso sentiarazten dituen rocka trebe jorratu dute, doinu fresko eta indartsuak eskaintzeko. Gainera, metala behin betiko utzi eta erritmo komertzialagoetara egin dute salto.

Rock horren erakusle dugu Hear me hasierako kantua. Abestiaren hastapenak entzulea nahas badezake ere, estribiloak argi uzten du nor ari garen entzuten. Kantu arina, itsaskorra eta tarteko pasarte oso motibatzailea.

Hear me kantua diskoa osoa entzuteko aukera izan aurretik taldeak eskaini zituen aurrerapena kantu bik jarraitzen dute. Lehenengoa, Twilight, ilunagoa da, pasarte lasaiduna eta estribilo liluragarriduna: 


 
(Twilight)

 Arinagoa da Forever. Hasieratik atzeman daiteke abestiak estribilo potolo batera zaramatzala, eta hala da. Gainera, amaiera partera, pasarte hunkigarri bat ere eskaintzen du:

(Forever)

Let it burnen hasiera nahiko komertziala da eta kantuari orokorrean balada kutsua dario. Ohituta gaituzten estilotik ihes egiten badu ere, Time to make it oso itsaskorra da eta Amaranthe talde suediarraren doinuak antzeman dakizkioke. Can't believe it duela hamarkada batzuetako rock abestiekin alderatu daiteke, eta ahotsek indarra erakusten badute ere, nahiko komertziala da.

Light it up balada ederra dugu, eta Get out makarrari ematen dio sarrera. Azken hori gaztea da, zirikatzailea. Bones kantuan elektronika da nagusi eta taldearen hasierako kantuetara garamatza. Eta, azkenik, Hold on baladak ematen dio bukaera lanari.

Bonus tracken artean esanguratsuena eta gomendagarriena, 2007 kaleratu zuten In Control laneko Broken abestiaren bertsio sinfonikoa dugu. 

Beraz, holandarrek doinu helduko Uprise honekin argi uzti dute metala alde batera utzi eta rockarekin askoz seguruago sentitzen direla. Aurtengo lanik onena ez bada ere, badu entzutea merezi duten kanturik. Hala ere, aitortu beharra daukagu aurrerapenak goseti utzi gintuela, eta, tamalez, diskoak gosea asetu ez digula. Dena den, entzun beharreko diskoa daukagu, taldeak izan duen ibilibideagatik bada ere. 

                             
 
(Lanaren aurrerapena - Album teaser)


- Puntuazioa/ Score: 8/10
- Abestirik onena/ Best song: Twilight