RAVENIA - Beyond the Walls of Death (2016)


Genero sinfonikoa errotik berritu nahian, Ravenia finlandiarrek euren lehen diskoa kaleratu dute, Beyond the walls of death (BTWOD), zeinek doinu epikoak eta metala inork baino hobeto uztartzen dituen. Itzelezko debuta, dudarik gabe.

Talde gutxi ausartzen dira erritmo komertzialetatik at epika lantzen, eta azkenean, euren sustraiak ahaztu eta entzugarriegiak diren kantuak eskaintzen dituzte. Bada, europako iparraletik iraultzaile datozkigu Ravenia finlandiarrak, generoa itzalarazten ari diren horiei guztiei barrenak astintzera. 

Zortzi abesti epikok osatzen dute BTWOD, taldearen lehen lan luzea. Gladiadoreen eta gudak lantzen dituzten filmeetan agertzen diren doinu zirragarriak, bateria, gitarra eta ahots goxoekin nahasten dituzte, emaitza bikaina eskaintzeko. Antzinako ereserki greziarren ikutua Armi Päivinen abeslariak ematen die abestiei, eta gainontzeko instrumentuei batera, aspaldian entzun gabeko arte-lanak eskaintzen ditu. 

Abestirik laburrenak bost minutu t'erdi irauten duela esanda, kantu samurrik ez dagoela imajina dezakezue. Laburrenetako da For Those We Forsakened, epika hutsa. Zazpi minutu hunkigarri, entzulea etengabe garai mantentzen dutenak. Into Oblivion lurtarragoa da. Metal pisutsuagoa jorratzen du eta orkestra instrumentuek indar gutxiago erakusten dute. Hala ere, koroen presentzia nabaria da. We All Died for Honor da singlea, entzungarriagoa, eta pasarte batzuek Enya irlandarraren kanturen bat ekar diezaguke gogora.


 


There is but One Path garaikideagoa da, estribillo amaigabe eta itsaskorduna. In Silence abestiari gitarra zoroak eta biziak ematen dio nortasuna, eta guda baten aurreko ereserkitzat har daitezke zenbait pasarte. When Darkness Reigns ilunagoa da, eta Armiren ahalmen lirikoa azaleratzen du. The Fallen kontraste handikoa da, nahiko leuna. Eta azkenik, We Stand as One, diskoko luzeena metal erritmoak eta pasarte lasai eta zirraragarriak trebe nahasten dituena. 

Laburbilduz, epika nostalgiko eta metal huts asko. Konbinazio bikaina generoa berpizteko. Heltzeko oraindik tarte bat falta zaien hasiberriek argi utzi dute nortasuna badutela, eta euren eboluzioa gertutik jarraituko dugu. Ravenia finlandiarren Beyond the walls of death aise izan daiteke aurtengo lanik onenetarikoa. 


- Puntuazioa/ Score:
9/10
- Abestirik onena/ Best song: Into Oblivion