VISIONS OF ATLANTIS - Old Routes, New Waters (2016)

Lan bakoitzeko abeslari berri bat aurkezten du Visions of Atlantis talde austriarrak. Oraingoan, Clémentine Delauney frantziarra batu zaie, eta disko luze berria aurkeztu bitartean, taldearen antzinako abestien bertsioak biltzen dituen EPa kaleratu dute, Old Routes - New Waters. 
Taldearen historian emakumezko lau abeslarik parte hartu dute, zein baino zein abilagoak. Hala ere, Melissa Merlaak soprano alemaniar bikainarekin plazaratu zuten Trinity izan zen zenita. Harrezkero, nahiko oharkabean ibili dira.

Hala ere, Maxi Nil greziarrak taldea utzi eta Clémentine Delauney soprano gazte baina itxaropentsuak lekukoa hartuko zuela jakitean, taldearen etorkizuna oraindik oparoa izan daitekeela uste dugu. Generoan ahots lirikoak garrantzitsuak direla jakitun, austriarrek aukeraketa bikaina egin dutelakoan gaude. Horrekin batera, 2013an Mario Prank abeslariak taldea utzi eta Siegfried Samer batu zitzaiela kontuan hartuta, bikain datorkio EP honi izena.

Pasarte berri honen hasieran, mokadutxoa aurkeztu digute, bost kantu ezagunek osatzen duten Old Routes - New Waters. Taldearen aurreko lan bakoitzeko abesti bat aukeratu dute - ez dugu uste aukeraketan trebe ibili direnik - eta euren bertsio lirikoagoa eskaini dute.

Lovebeam Storm kantuak ematen dio hasiera EP honi, lehendabizi Eternal Endless Infinity (2002) lanean aurkitu genuena. Tamalez duela urte gutxi zendu zen Nicole Bogner mezzosopranoak eta taldean gutxi iraun zuen Christian Stani abeslariak erditu zuten kantuaren bertsio argiagoa eta garaiagoa eskaini dute egun dirauten abeslariek. 

Nicole oraindik abeslari zela eta Mario Prank batu berri, Cast away diskoa kaleratu zuten 2004. Bertakoa dugu Lost kantua, ez hain lirikoa, baina heldua eta komertzialagoa. Winternight ere lan berdinetik ateratakoa da, eta EP hau bultzatzeko bideoa ere grabatu dute:


Seven Seas, berriz, Melissa Ferlaak handiak abestu zuen lehenengoz Trinity (2007) lanean. Balada lasaiaren bertsio duina eskaini du abeslari-bikote berriak. Eta, azkenik, Last Shut Of Your Eyes, Maxi Nilekin kaleratu zuten Maria Magdalena EPan (2011). Bala kutsua ere badu azken horrek.

Taldean parte jartu duten abeslari guztiei omenaldi duina eskaintzen dien EPa dugu Old Routes - New Waters hau. Bestelako aukeraketa egin zitekeen arren, baladak nagusi diren lan hau hunkigarria da. Bai Clémentinek bai Siegfried Samerek bikote bikaina egiten dutelakoan gaude, eta datorren lanak garai bateko oparoaldia berreskuratzen lagunduko diela argi dugu. Itxaron egin behar. 

- Puntuazioa/ Score: 8/10
- Abestirik onena/ Best song: Lost