SIRENIA - The Seventh Life Path (2015)


Arrakastak baino ez ditu batzen Sirenia taldeak. Izan ere, gogotsu landutako uztak landatzen ditu hirukote norbegiarrak, eta The Seventh Life Path (TSLP) dugu udaberri honetako produktu berria. 


Iluna da oso TSLP, eta taldearen hastapenari etengabe egiten dio keinu. Napal Records disketxearekin bat egin du berriro Sireniak, eta kalitate goreneko lana eskaini du adostasun berria ospatzeko.

Musika aldetik hutsune gutxi baditu ere, aitortzekoa da Ailyn abeslariaren ahotsa ez dela aurreko lanetakoa bezain osoa. Hala ere, pasarte bikaina entzun ahal izango ditugu.

Seti sarreraren ostean, Serpentek ematen dio hasiera TSLP honi. Birritan entzun beharrekoa da zuku guztia ateratzeko. Once My Light singleari Ailynen ahots xumea ez datorkio ondo, baina orokorrean bortitza da kantua. 


Joakim Naessen ahotsek bultzada handia ematen diote Elixir kantuari, eta erraz esan daiteke diskoan aurkituko dugun kanturik onenetarikoa dela. Luzea bezain antzertiarra da Sons Of The North, pasarte epikoduna. 

Earandelen doinu lasaiak eta bizkorrak uztartzen dira, eta nahiko abesti arin eta zaratatsua dute emaitza. Concealed Disdaini Ailynen ahotsak nortasun berezia eskaintzen dio, eta antzekoa da Insania. Ildo beretik, gorabehera gutxi eskaintzen dute Contemptuous Quitusek, The Silver Eyek eta Tragediennek, borobilak badira ere.

Hitz gutxitan esanda, taldearen estatusa mantentzen duen lana dugu TSLP hau. Iluna, gotikoa eta dramatismo askoduna. Taldeak kaleratu duen lanik onena ez bada ere, gomendagarria da guztiz.


- Abestirik onena/ Best song: Serpent
- Puntuazioa/ Score: 8/10