Urteko lanik itxaropentsuenarekin datorzkigu oraingoan Kamelot taldeko kideak. 2012an Silverthorn aurkeztu ostean, badatoz berriro Tommy Karevik abeslari berriarekin grabatu duten bigarren diskoarekin.
Badirudi Ghost Opera (2007) albuma ameskeria hutsa izan zela. Izan ere, Haven honek ere ez du haren antzik. Hala ere, bizia eta oso atsegina dugu azken lan hau.
Arch Enemy taldeko Alissa White-Gluz, Nightwish taldeko Troy Donockley eta Delain taldeko Charlotte Wessels abeslari eta musikarien laguntza izan dute suediar-amerikarrek oraingoan.
Orokorrean, gorabehera gutxiko abestiak aurki ditzakegu Havenen. Gitarra eta bateria dira nagusi, eta estribilloak nahiko apalak dira. Hala ere, trebe aritu da Tommy ahots-lanetan.
Fallen Star izan daiteke diskoan aurkituko dugun abestirik osoena eta itsaskorrena. Ilunagoa da Insomnia, diskoaren aurrerapenerako taldeak aukeratu zuen lehen abestia.
Citizen Zerok hastapen lasaia badauka ere, bizia eta indartsua da, eta Tommyren nota gogorrenak entzungo ditugu bertan. Veil of Elysium ederra da, diskoaren beste ikurretako bat.
Under Grey Skies baladak ezartzen du lasaitasun apur bat. Eta My Therapyrekin berriro gora: oso abesti bizia. Ecclesia sarrera-kantuak ongi-etorria ematen dio End Of Innocence jauzilariari. Beautiful Apocalyspek doinu industrialak ditu, eta Liar Liarek pasarte lasaiak eta mugituak uztartzen ditu.
Here's To The Fall lasaiak arnasa hartzeko apeta eskaintzen digu, Haven honetan aurkituko dugun abestirik borobilena dastatu aurretik. Revolution izan daiteke lanaren tontorra. Kamelot taldearen alde jostagarrienari gorrotoz betetako Alissaren ahotsek laguntzen diote. Eta bukatzeko, Haven instrumetala.
Maisu-lanik aurkituko ez badugu ere, ondo jositako lana dugu Haven. Egokia eta homogeneoa da, eta ezer berezirik eskaini ez arren, urteko disko onenetariko baten aurrean gaudela aise esan genezake.
- Abestirik onena/ Best song: Revolution
- Puntuazioa/ Score: 8/10