Imaginaerum
etsigarriaren ostean egarri ginen Nightwishek zer ekarriko zuen esperoan, Floor
Jansen abeslariarekin batera zer nolako ibilbideari ekingo zioten. Lau urteren ostean, badugu Endless
Forms Most Beautiful (EFMB, hemendik aurrera) gure artean, espezien jatorriari
eta eboluzioari buruzko kantuak dakartzan diskoa.
Ikusmira izan da azken hilabeteotan nagusi, entzunmira.
Anette Olzon abeslariari agur esan eta Floor Jansen soprano holandarraren
txanda. Ahots lirikoek berriro indarra hartuko ote zuten galdera. Imaginaerum
sound-track estiloko azken diskoak utzitako gosea. 24 minutuko abestia entzungo
genueneko zurrumurrua. Charles Darwini egindako keinua.
Bazegoen askoren barrenetan Nightwishek hasierako urteetara
atzera egingo zuelako esperantza. Eta aise bihurtu zen esperantza ke, Elán
lehen single-a kaleratu zutenean. Flooren ahots antzuak abestutako kantu folk
melodikoegia. Entzun erraza, Dark Passion Playko Amaranthen ahizpa gaztea,
jaioberria. Shudder Before the Beautiful
entzuteko aukera izan genuenean piztu zen berriro ere esperantza.
Izan ere, diskoari hasiera ematen dion Shudder Before the
Beautiful-ek badauka antzinako Nightwishen antza. Once diskoko Dark Chest Of
Wondersen trazak antzeman daitezke
abestitzar honetan. Estribillo harrigarria, koro indartsuak,
tarteko-pasarte hunkigarriak eta metal finlandiar erakargarria. Bukaera epikoa.
Hemen dira berriro!
Weak Fantasyk ere erraz mantentzen du maila. Entzun gabeko
doinuak eskaintzen ditu, berritzaileak, taldearen urteotako eboluzioaren lekuko.
Doinu etnikoak entzun daitezkeen arren, erritmo itsaskorrak eta indartsuak dira
nagusi. Nightwish garbia.
Elanek lasaitu egiten gaitu. Oso melodikoa eta taldeak azken
lanetan hartu duen ibilbide folklorikoaren ikur. Yours Is an Empty Hope izan
daiteke Imaginaerum laneko Scaretale abestiaren bigarren zatia.
Animazio-filmeetako doinuak dira nagusi, baina errazago antzeman daiteke azken
honetan finlandiarren ukitua. Gitarra basatiagoak dira, eta baita ahotsak ere.
Our Decades In The Sun dugu EFMB laneko lehen balada. Estilo
desberdinak jorratzen dira bertan, eta garai bateko notak entzun daitezke sarri
berrienekin nahastuta. Ez dago gaizki, ahots lirikoak faltan bota daitezkeen
arren. My Walden ere izaera folkloriko berriaren barruan koka daiteke, nahiko
estribillo barregarriduna, egia esateko.
Endless Forms Most Beautiful bihurria da, eztanda egitera
heltzen ez bada ere. Oinarrizko metaletik oso hurre dagoen estribilloa dauka,
eta bukaeran gora egiten badu ere, ez da asebetetzeko gai. Edema Ruh abestiaren
lehenengo notek oilo-ipurdia jar diezaguke Century Child lanean entzun
ditzakegunen oso antzekoak baitira. Hala ere, abestia bera nahiko indargea da.
Berdina gerta dakiguke Alpenglow abestiarekin, doinuak ezagunak egin baitzaizkiguke,
baina ez du ezer esanguratsurik eskaintzen. Pasarte hau betelana dela esan
daiteke. The Eyes of Sharbat Gula instrumentala ere beste hainbeste.
Eta azkenik, EFMB diskoari bukaera ematen dion 24 minutuko
kantua, The Greatest Show On Earth. Eta esan beharra dago ez duela tituluak
aurreratutakoa eskaintzen. Luzeegia da entzun daitekeenerako. Hobe lukete zati
lasaiak ebaki eta pare bat abesti labur atera izan balituzte. Pasarte
interesgarriak ditu, baina astuna
egitera hel daiteke, bukaera batez ere.
Bikaina ez bada ere, espero genuenetik oso urrun ere ez dira
ibili finlandiarrak. Garai bateko kontuak dira abesti bikainez betetako lanak,
eta badirudi oraingoan epikoak diren pare bat kantu bakarrik entzun ahal izango
ditugula disko bakoitzean. Flooren ahotsak hegalak luzatu gabe ditu, eta
opera/ahots-lirikoen aztarnarik ere ez da sumatzen, kororen batean izan ezik.
Haatik, Imaginaerum aurrekaria hobetu duela lasai esan dezakegu, antzinako
Nightwishen doinuen izpiek EFMB hau berotzen baitute.
Laburbilduz, gomendagarria, baina maisu-lanik ere ez espero.
- Puntuazioa/Score: 8.5/10
- Abestirik onena/Best song: Weak Fantasy