SEASON OF GHOSTS - The Human Paradox (2014)

Season of Ghosts du izena Sophia Asladinou abeslari greziarraren proiektu berriak. Doinu industrial eta elektronikoak erantsiak dituen metal bizia aurkeztu du oraingoan 12 abestik osatzen duten lehen disko honetan.

Nemesea talde holandarraren jarraitzaileek gogoko izango dituzte The Human Paradox honen estribillo freskoak. Orokorrean abestiak entzun errazak dira oso, batez ere diskoari sarrera ematen dioten lehenak. Doinu elektronikoek garrantzi handia dute, eta baita ahots guturalek ere. Nahiko disko borobila, eta batez ere heldua. Nahiz eta proiektuak eskaini duen lehen lana izan, Sophiaren urteotako esperientzia nabaria da albumean zehar.

Nothing disappears without a trace lehen kantuak ez zaitzala atzera bota. The Chemical Brothersen elektronika iluna  jorratzen duen sarrera-kantu hau ez dator bat jarraian entzungo dugunarekin. Genesis-The Phoenix Syndromek eman beharko lioke hasiera lanari. Lehen piano notak ere alde batera utzita, hasieratik eztanda egiten duen kantua diskoaren laburpen egokia litzateke. Bateria frenetikoa eta ahots guturalak nahasi egiten dira garai iristen den Sophiaren ahotsarekin, entzuleari jolas-parke bateko barrakaren batean dagoen sentsazioa eskainiz. Ibilbideak jarraitu egiten du Time Traveller eta Dream;Paralysis hurrengo kantuetan. Lehenengoa ilunagoa da infernutik atera berri direla ematen duten ahotsei esker. Bigarrena, berriz, komertzialagoa, eta baita lanaren single-a ere.

The Human Paradox kantua lasaia da eta arnasa hartzeko parada ematen du. [Ne]- Mesis - The Kiss of Justice elektronikoa da guztiz, duela pare bat hamarkadetakoa ematen duena. Beautiful Eternal Things kantuarekin diskoak andara apur bat hartzen du, berriro ere pasarte lasaietan murgiltzeko Dreaming in the Gray Lands kantu instrumentalari esker. Azken horrek The Road to Acheron bigarren baladari ematen dio sarrera.

Eta berriro ere martxan, Quantum - Through the Looking Glass abestiaren laguntzaz. Pasarte lasaiak atzean utzi eta bigarren eta azken eztanda bat, diskoaren hasieran entzun daitezkeen doinuen oso antzekoa. Bukatzeko, Reincarnation motela eta There and Back Again bukaera-kantu instrumentala, nahiko desegokia gure aburuz.

Sarrerak eta bukaerak ohore egiten ez badie ere, lehoi jostagarria dugu The Human Paradox. Maila gorenekoa oso entzuna ez den artista batentzat, hortzak berdinduta dituen seinale. Harritu egin gaitzakeen lana dugu honako hau, gorabeheraz josia.

- Puntuazioa/Score: 8/10

- Abestirik onena/Best song: Genesis - The Phoenix Syndrome