LIV KRISTINE - Vervain (2014)


Bere senarrarekin batera Symphonies of the Night (2013) maisu-lana kaleratu ostean, bakarkako seigarren lanarekin datorkigu norbegiarra. Eta erratzeko beldurrik gabe esan genezake orain arte eskaini duen lanik onenaren aurrean gaudela. Izan ere, Dororen eta Michelle Darknessen laguntza izan duen disko nola ez da bikaina izango ba.


Ezin daiteke esan Liv Kristinen bakarkako ibilbidea oparoa izan denik. Eskukada bat disko plazaratu baditu ere, ez dira oso arrakastatsuak izan. Freskoak bai, baina pop estilotik oso gertu.

Hala ere, aurrekoan jorratutakoaren nahiko desberdinarekin harritu gaitu sopranoak. Metal lasai eta sakonak ustekabean harrapatu gaitu, eta ezer gutxi espero izatetik, urteko diskorik onenetarikoa aurkeztu digu.

Gorabehera gutxikoa da, hori bai. Zapala, baina badu katigatzen duen zerbait. Ez dakigu Theatre of Tragedyren doinuak gogoraraz diezazkigulako edo hasieratik bukaerara inguru gotiko bat sortzeko gai delako, baina badu berezi den zerbait disko honek.

Horren erantzule zuzenak dira lehenengo lau abestiak, batez ere. My Wildernessek ematen dio hasiera. Entzunerraza da oso, diskoan aurkitu daitekeen bizienetakoa, oso erritmikoa. Lasaiagoa da Love Decay. Michelle Darknessen laguntza izan du Livek balada itxurako abesti hau sortzerako orduan. Oso erakargarria eta dudarik gabe diskoa behin eta berriro entzutera bultzatzearen erantzulea. Diskoari izena ematen dion Vervain kantua izan daiteke lanean aurkitu daitekeen poperoena, oso estribilo itxaskorduna. Eta laugarrena, Stronghold of Angels, Dororekin batera abestutakoa. Nahiko doinu astunak jorratzen dituen arren, merezi du entzutea.

Eta hortik aurrera, berezitasun gutxiko kantuak. Elkarren antz handi dute, baina ez dute entzulea aspertzea lortzen. Unbreakable baladak ixten du Vervain hau. 

Hitz gutxitan esanda, Liv Kristinen bakarkako ibilbideari bultzada handia ematen dion lana dugu Vervain. Iluna bezain misteriotsua. Gure aldetik behintzat, popa alde batera utzi, eta horrela segi dezala. Eskatzen hasita, aprobetxa ditzala bakarkako disko hauek bere ahotsak eman dezakeen guztia erakusteko. 


- Puntuazioa/Score: 8/10
- Abestirik onena/ Best song: Love Decay