ELUVEITIE - Origins (2014)

Bortitz eta basati datorzkigu Eluveitie suitzarrak berriro ere Origins deituriko lan berria besapean. Helvetios kaleratu zutenetik urte bi igaro dira, eta antzeko estiloko diskoarekin egin dute berriro agerraldia.

Zaila da Eluveitieren estiloa deskribatzea. Eta are zailagoa ahots leunei ohituta egon gaitezkeenoi zergatik gustatzen zaigun hainbeste. Leuna ez baita suitzarren estiloa. 

Folka eta metala nahasteko duten maisutasuna izan daiteke agian. Entzulea orroak eta letra ulertezinak ahaztera bultzatzen duen sinfonia nahasi bainalandua.

Zakarrak dira Eluveitiek eskaintzen dituen pasarteak. Baina ederrak aldi berean. Oso lan homogeneoetara gaituzte ohituta, eta Origins ere ildo beretik doa. Astuna ere izan liteke abestiak banan banan iruzkintzea.

Ohiko den bezala, aipamen berezia behar dute bai hasierako kantuak, Origins, eta amaierakoak, Eternity. Ipuina ireki eta bikain ixten dutenak. Hunkigarriak sakon entzunez gero. 

Eta tartean, bateria biziak, ohiu zoroak eta folk asko. Tarteka entzun daitezke emakumezko ahots lasaiak ere, Celtos edo Call Of The Mountains kantuetan, adibidez. Bestela, lasaitasun gutxi.

Bikainak dira jorratzen duten estiloan, eta inork duda izpirik izango balu, Origins aproposa da dudak uxatzeko. Guztiz gomendagarria bai sinfonikoaren maitaleontzat, eta baita emozio gogorren zaleentzat.


- Abestirik onena/ Best song: The Nameless
- Puntuazioa/ Score: 8.5/10