WITHIN TEMPTATION - Hydra (2014)

Amorruz betetako herensugea, buru biko piztia. Badator gogotsu Within Temptation taldearen lanik basatiena, Hydra

Izan liteke Tarja Turunen abeslariaren laguntza, edo izan liteke Xzibit raperoarena. Hala ere, ezin ukatu holandarren lan berri honek berritzaile itxura zeukala. Itxuran soilik geratu ote diren, ez dakigu.

Lan berri hau entzuteko gogoak bikoiztu, hirukoiztu egin zitzaizkigun Tarja finlandiarrak parte hartuko zuela entzundakoan. Imagina ezazue, genero sinfonikoaren ikur bi batera, galezina. Xzibit rapero estatubatuarra ere bertan egongo zelakoa ere ez zen askoz beranduago argitaratu. The Unforgiving aurrekariak utzitako gazitasuna gozotzeko gogoek ere ezinegona handitu zuten. Dena prest aurtengo lanik onenetakoa agurtzeko.

Ba tira, diskoa besarkatu ostean, badiogu ez dela hainbesterako. 

Txarto ohitu gaitu taldeak hasierako abesti indartsu bat entzutera. Let Us Burn ez da beste munduko ezer, bakarrik korrika egiten zoazenerako aproposa. Dangerousek aurkezten du ganoraz Hydra. Howard Jones abeslariaren ahotsa bikain batzen da Sharonenarekin, eta, biek batera, diskoan aurkituko dugun abestirik biziena dakarkigute. Bateria bizkorrak eta doinu kaotikoak nagusi.

Rapa eta metala batera nola geratuko ote liratekeen galdetzen duenak And We Run abestian aurki dezake erantzuna. Hydrak daukan bereizgarri bietatik bat duzue Xzibit raperoarekin egindako abestia. Hala ere kontuz ibili, gustatu bezain laister bukatzen baita. Laburregia, baina oso lelo itsaskorduna.

Eta isilik, heldu da genero sinfonikoak urtetan itxaron duen abestira. Paradise izan daiteke Hydrak daukan kanturik onena, eta beronengatik soilik mereziko luke diskoa entzuteak. Tarjaren aldarriak, bibolin hunkigarriak eta doinu bortitzak eta astunak bikain desegiten dira artelan honetan.

Eta kitto. Esan daiteke Hydra hemen bukatzen dela. Gerora datorrena ez da aurrekoaren pareko, eta entzuleak ez luke ezer galduko entzuten jarraituko ez balu. Edge Of The World balada nahasgarria; Silver Moonlight onargarria; ezer eskaintzen ez duen Roses; Dog Days zentzugabea; Tell Me Why gogorragoa; eta, bukatzeko, The Whole World Is Watching, Dave Pirner abeslariarekin egindako balada lasaia eta diskoaren hirugarren singlea. 

Oso lan heterogeneoa, eta gure uste apalean hobetu litekeena. Hala ere historikoa izatera heltzen den abesti pareak ondo merezi du Hydra honi begiradatxo bat botatzea. Oraindik The Heart Of Everythingen ondorengoari itxaron beharko diogu.


- Puntuazioa/ Score: 8/10
- Abestirik onena/ Best song: Paradise (What About Us?)