MY ETERNEL - Pursuit of a Higher Throne (2013)

Nola metal album asko epilogo baretsu batekin bukatzen diren? Ba epilogoz betetako diskoa dugu hau. Etsipenik sentitu dugunik ez dugu esango, baina penatxoa sentitu dugu barnean diskoa entzutean. Ez eskasa delako, oso desberdina den zerbait espero ganuelako baizik. Izan ere, abesti atmosferikoek osatzen duten lana dugu Pursuit of a Higher Throne hau. Factory of Dreams bikoteportugaldarraren eta Virgin Black talde australiarren arteko nahasketa bat. 

Ez dago metal doinuen arrastorik; proiektu sinfonikoa da MY Eternal, eta Melissa Ferlaak metalaren erreginetako bat abeslari badu ere, ez dauka Aesma Daeva edo Visions of Atlantisekin zer ikusirik. Eta gauzak horrela, ikuspuntua aldatu beharko dugu bidezko iruzkin bat egiteko. Alabaina, ezin guztiz objetiboak izan. 

Sarrera-abesti batekin hasten da diskoa. Oso lasaia; baina hala izaten dira prologoak askotan. Melissaren ahots lirikoak entzun daitezke, eta zirraratsu uzten dugu entzulea gehiagoren eske; lan eder baten esperoan. Eta hara, Dreams dator jarraian, lehen abesti luzea. Zer esango dizuegu, beherakada itzela sentitu dugu kantua entzutean. Prologoak promes egiten zuena ez du aurkituko entzuleak. Kontrara, kantu lasai, nahiko ilun eta anbientala; chill out antzeko bat. Melissa Ferlaaken ibilbidea jarraitu duenarentzat, arraroa oso. 

Dreamsek aurkezten du benetan Pursuit of a Higher Throne diskoaren muina: bake lasaigarri bat sentiarazten duen disko atmosferikoa. Ahotsak bikainak dira, eta tarteka entzun daiteke doinu lirikoren bat, baina ezer gehiagorik ez. Pianoren bat, eta doinu sintetiko anitz. Azken bi abestiek, Les flammes d'une passionek eta Absent Horizonek, egoera hobe dezaketen arren (izaera handiagokoak baitira), ahula da lana orokorrean. 

Meditazioa gustuko duen entzuleak asko disfrutatuko duen diskoa da bikotearen lehen lan hau, eta gainera, Melissaren jarraitzaileek ere beronen ahots bikaina gozatzeko aukera berri bat baita. Beste guztiontzat, hutsegite bat, metal disko bat baino pelikuletako soundtrack bat.

- Abestirik onena/ Best song: Absent Horizon
- Puntuazioa/ Rating: 7/10