TAUPADA - Zeren zain (2014)

Euskaraz abesten duen talde on bat aurkitu ezinik, metal melodikoaren jarraitzaileok bageneukan aspaldidanik barnean hutsune bat. Diabulus in Musica eta Tight Leash bezalako taldeek urteotan langa garai utzi badute ere, ingelesa dute mintzo. 

Hala ere, badirudi iluntasun garaia argitzeko esperantza badagoela. Izan ere, Taupada talde gipuzkoarra itxaropentsu agertu da Zeren Zain estreinako lanarekin. Eskandinaviarren aitzinean paparra erakutsi, eta harro egoteko garaia iritsi zaigulakoan gaude.

Delain talde holandarraren ahotsak gehitu iezazkiozu bertoko Asgarth mitikoari, eta hara non erdietsiko duzun letra sorginduak eta doinu itsaskorrak uztartu dituen talde urretxuarra.

Genero-barietate zabaleko datozkigu, balada lasaietatik erritmo ilun eta sakonagoetara. Gainera, eskuzabal agertu zaizkigu, eta Zeren Zain musutruk lor dezakezue hemen klik eginda.     

Entzungo duzuenez, kalitatea darien 9 kantu fresko eta helduk osatzen dute lana, behin eta berriro entzutekoak guztiak. Amets Krudelakek ematen dio hasiera lanari. Diskoan nagusi diren gitarra eta baterien ikur, pasarte itsaskor eta ederrak eskaintzen ditu.


Oroitzapenakek ere duintasunez heltzen dio lekukoari. Ilunxeagoa da, eta Lauraren ahots liriko hunkigarriak bikain daude txertatuta. Nire errealitatea da diskoan aurkituko dugun lehen balada, estribillo ederrekoa. Bestalde, izenak dioen bezala, Herri Sorginduakek aztikeria garaietara gidatzen du entzulea, eta aipatzekoa da duen bukaera.

Baretasuna Oroitzapenaken antzeko da, arinagoa agian. Aurre eginek ñabardura arabiarrak ditu, eta trebe dabil Laura eldarnio-atmosfera sortzen. Bigarren balada da Zuretzat, akustikoa eta abeslariaren ahotsaren edertasuna bistaratzen duena. Arima Galdu Baten Ahotsa sakona da oso, hasiera lasai eta lirikoetik, bortitzagoetara salto egiten duena. Eta lanari bukaera duina emateko, Zeren Zain. Emakumezkoen eta gizonezkoen ahotsen nahasketa ezin hobea da, eta diskoan zehar atzemango ditugu elementu desberdinak era epikoan uztartzen dituen kantua dugu.


Lan handiaren isla dugu Zeren zain, gauzak ondo egin diren emaitza. Bai doinuak bai ahotsak bikainak dira, eta garai oparoagoen hastapena ezarri du diskoak. Ilusioz beteta eta itxaropentsu gaude gipuzkoar koadrila honekin, eta garai bateko hutsunea asebete baino, goseak utzi gaituelakoan gaude, gehiagoren esperoan.


- Puntuazioa/Score: 8.5/10
- Abestirik onena/ Best song: Zeren Zain.