DIABULUS IN MUSICA - Argia (2014)

Lasai eta harro geratu ginen Diabulus In Musica talde naparrak Secrects (2010) kaleratu zuenean. Harroago egon gaitezke euskaldunok orain, Argia disko berri hau entzun ostean. 

Diabulus In Musica ez da soilik euskal sinfonikoaren ikur, europan eta mundu mailan nor izatera ere heldu dira. 

Hirugarren lan bortitzarekin datorzkigu aurten Zuberoa eta konpainia, euskaraz izendatutako Argia diskoarekin. Nola ez gara harro egongo, bada. 

Zirraragarria da oso hasiera. Et Resurrexit (Libera Me) begiak itxita entzuteak merezi du. Askatasun ohiu hutsa.

From The Embersi ematen dio sarrera aurreko abestiak. Doinu atmosferikoei agur esan eta metal basatian murgiltzen da Argia. Gitarra eta bateria azkarrak, lelo freskoa eta hori guztia koro bikainez apaindua.

Inner Force da lan honen singlea. Hasiera lerden eta arranditsua. Estribilloa hobe liteke, baina, hala ere, koroek indarra ematen diote.

Furia de Libertad da taldeak gazteleraz kaleratu duen lehen abestia. Eta laguntza ezin hobeagorekin, Aylin (Sirenia) abeslaria izan baitute laguntza. Doinu paregabea iratxo eta maitagarriei buruzko kondairentzat.

Maitagarri du izena hurrengo abestiak. Sarrera hunkigarria euskaraz, txalaparta eta guzti. Abesti lasaia eta lelo gogorduna.

Sed Diabolicus tarte-abestiak banatzen du Argia bitan, Spoilt Vampireri sarrera emateko. Zuberoaren ahots arina ahots gutural astunekin nahasia. 

Eternal Breezek balada epikoen antza dauka. Mechanical Ethos ez dago txarto, eta Encounter At Chronos' Mazek Zuberoak eskaini dezakeen indar guztia ematen du aditzera. 

Indigo ere bikaina da istorio kontalari bezala, eta bukaeran, Healing bortitzak, diskoko kanturik onenak, azken doinu lirikoak eskaintzen ditu. Horizon amaiera-kantuaren bidez esaten digu agur Argiak.

Laburbilduz, Diabulus In Musicak egun eskaini duen lanik helduena dugu Argia hau. Onena ez bada ere, gomendagarria da oso.


- Puntuazioa/ Score: 8.5/10
- Abestirik onena/ Best Song: Healing