ROMANTHICA - Eterno (2013)

Gazteleraz abestu eta metal sinfonikoa lantzen duen talde onik badagoela erakutsi dute Romanthica taldeko kideek. Eterno lana plazaratu dutenerarte guretzat ezezagunak zirela aitortu beharra dugu. Eskerrak aurkitu ditugun!

Leaves' eyes taldeko Liv Kristinek gazteleraz lehenengo aldiz abestea lortu duen taldea izateaz gain (!), Espainian aurki daitekeen metal melodikoaren talderik onena dela argi utzi dute Eterno deituriko album honekin.

Liv abeslariak gazteleraz abesteak gainontzeko abestiei indarra kenduko ziela uste genuen. Baina usteak erdi ustel. David Gohe abeslariaren ahotsa arinago entzun ez izanaz damutzen gara, eta asko gainera. Abesti landu eta doinu helduekin ederto nahasten da, eta bartzelonarrak metalaren lehenengo eserlekuetan kokatzen ditu. Oso ahots indartsua eta generoaretzako egokia, Kamelot taldeko Roy Khan abeslari ohiaren antzekoa.

Despierta abestia bereziena bada ere, kanta bikainez josita dago Eterno beraien lehen disko luze hau. Mercurio single-a, Muriel, Mejor será olvidar edo El vientre del huracán bezalako kantuek harritu egiten dute lehen disko batetik ateratakoak izateko, eta hurrengo lanei langa ez diete eskuragarri utzi. 

Ingelesez egindako abestiak entzutera ohituta bagaude ere, Romanthica taldeak argi utzi du hizkuntzak ezer gutxi balio duela album on bat egiterakoan. Urteko aurkikuntza hauena, eta ziur gaude haien arrakasta hasi baino ez dela egin.

- Abestirik onena/ Best song: Despierta (feat. Liv Kristine)
- Puntuazioa/ Rating: 8.5/10