TRISTANIA - Darkest White (2013)




Ez tituluak ez azal-irudiak ez du lagundu urteko diskoa izango zena hala izatera heltzen. Ezta duela hiru urte Rubicon albuma plazaratzeak ere. Asko aldatu baita taldea World of Glass (2001) lanetik.

Himmelfall abestiaren aurrerapena entzungai jarri zutenetik zirraratsu geunden asko Tristaniaren lan berria osorik dastatzeko. Zirrarak, alabaina, albumari izena ematen dion Darkest White abestia entzun genuen arte iraun zuen. 

Abesti bakar batek asko ere ez du esan nahi eta lana osorik entzun behar. Darkest Whiten geratu izan bagina...! Number abestiarekin gogor hasten da diskoa, Ashes (2005) albuma Libre abestiarekin hasi zen bezala. Ashes lanak ordea abesti hobeagoak zituen, Darkest White honek... ez, edo ez disko on batek izan behar dituenak.

Eta ez da abestiek izen erakargarriak ez dituztelako; Requiem edo Cathedral bezalako tituluen atzean entzun beharreko abestiak daudela uste genuen. Usteak, erdi ustel. Kjetil eta Mariangelaren ahotsak egokiak badira ere, abestiak apalak dira, aldaketa gutxidunak, eta askok rock estiloa urratzen dutenak. Tristania bezalako talde batek askoz ere gehiago eskein dezake. Entzun daiteke, noski, baina Tristania taldearen jarraitzaile asko damutu egingo dira.

Gaur egun (2013ko Abuztua) norbegiarrek tour berria hasiko dute europan zehar Dark Tranquillity talde suediarrarekin batera. 2012an etorri ziren Euskal Herrira Bergarako Tartufo antzokira, eta Iruñean joko dute Azaroaren 16an. 

- Abestirik onena/ Best song: Himmelfall
- Puntuazioa: 7.5/10