TIGHT LEASH - Hedonism (2013)

We are the fallen eta Lacuna coil talde biak nahastu, eta hara non agertzen den Tight Leash taldea. Euskal metalegoa harro egon daiteke bilbotarrek Hedonism lan bikaina kaleratu baitute!

Aitortu beharra dugu taldea guztiz ezezaguna izan dela guretzat oraintxu interneten aurkitu ditugun arte. Eta eskerrak aurkitu ditugun! Guk ezagutu ez arren, ibilbide luzekoak dira taldekideak, eta Gaztea Maketa Lehiaketa-ko finalista ere izan dira. Barkatuko ote digute lapsusa. 

Hedonism bizkaitarren lehen lana dugu, esperientzia handiko taldearen albuma badirudi ere. Heldua baita oso, Hedonism. Aspaldian ikusi ez dugun debuta; harritu ere egin gaitu, alegia. 

Ingeles bikainean abesten ditu Xandrak lanak dituen bederatzi abestiak, bozik gabeko introa sarreratzat dutenak. Lacuna coil taldea gustoko dutenek antza hartuko diote Cristina Scabbia abeslariaren ahotsari. Antz handia baitute talde biek. 

Freskoak, arinak eta izaera gogorrekoak dira guztiak, kalitatezkoak. Bateria eta gitarra doinuak dira nagusi, eta emakumezko ahotsak ikutu berezia ematen die kantuei, eta baita taldearen nortasuna indartu ere. Doinu astunak ere badaude, baina disko ez da orokorrean inolaz ere astuna. Bikaina da lehen lan bat izateko. 

Tight Leash taldeko kideek argi utzi dute debut honek luze iraungo duen ibilbidearen hasiera baino ez duela ezarri. Lehen lana honakoa izan bada, zirraratsu gaude haien bigarren lana entzuteko, dudarik ere ez baitugu laister ekarriko dutela. Nortasuna badaukate jada, eta berezkoa abilezia.

- Abestirik onena/ Best song: La Douleur Exquis
- Puntuazioa/ Score: 8/10