TEARS OF MARTYR - Tales (2013)

Demagun Therionen doinu pisutsuak, Epicaren ahots guturalak eta Xandriaren arintasuna nahasten direla Dark Sarahren antzerkitasunarekin . Hara, emaitzak Tears of Martyr kanariarren Talesen antz handia izango luke. Dudarik gabe, generoak aspaldian erditu duen lanik beteena eta itxaropentsuena dugu kanariarren bigarren lan hau.

Entrace (2009) euren lehen lanean nagusi zen estilo iluna alde batera utzi, eta soinu freskoagoetara jo dute oraingo honetan. Pasarte sinfoniko ederrak, ahots gutural bortitzak eta ahots liriko paregabeak uztartzen dituen oso lan orekatua eta heldua dugu Tears hau; metal sinfoniko hutsa jorratzen duten 10 kantatzar, alegia.

Emanaldiaren hasiera The Scent No. 13then esku dago. Piano notek eta giro-musika leunak ongi etorria ematen dio entzuleari. Minutura, bateria arinak eta baxuak eztanda egiten dute, Berenice Musa sopranoaren ahotsa gailentzen da. Erritmo arina eta lelo itsaskorra kantua bukatu arte. 

Golem izan da taldeak Tears aurkezteko aukeratu duen lehenengo singela. Ahots gutural zakarrak bide ematen dio inguru teatralari. Leloa nahiko komertziala den arren, itsaskorra da, eta bikain nahasten da pasarte gogor eta ilunagoekin. Amaieran, orroekin nahasturik, nota garaiak sopranoaren eskutik:


Jarraian, aspaldian entzun dugun kanturik izugarriena: Mermaid And Loneliness. Balada-kutsua badu ere, leloa paregabea da. Lasaitasuna apurtzen du Bereniceren ahots gorenak, eta amaiera hunkigarria du benetan:



Vampiress Of The Sunset Streetek istorio baten erritmoa dauka. Leloak hots guturalak osatzen ditu, ahots lirikoek bultzatuta. Ancient Pine Awaits erdi aroko kantu girotzaile lasaia da, gizonezko eta emakumezkoen ahotsak bikain uztartzen dituena. 

Lost Boyk lasaitasuna apurtzen du eta antzezlan batean murgiltzen du entzulea. Kanpaitxoen soinuak nabari dira hasieran; ikutu progresiboagoak geroago. Fallen Hero piano jostagarriarekin hasten bada ere, ahots guturalek laster zapaltzen dute, eta lirikak jarraian. Tartean, pasarte lasaiak gitarra espainiarrak lagunduta. 

Ilunagoa, gotikoagoa da Of A Raven Born. Gizonezko ahots misteriotsu batek ematen dio hasiera, atzean soinu lirikoak dituela. Leloa koro indartsu eta borrokalari baten esku dago, baita amaiera ere. Wolves And A Witch hizlari baten hitzek hasten dute, eta erdi-aroko doinuen ostean, Bereniceren lirika. Azkenik, Ran Into The Forest instrumentala; lotsatia bezain elegantea. 

Orobat, estilo asko jorratzen dituen maisu-lana dugu Tears. Gaur egun generoak duen ahots lirikorik indartsuena da Berenicena, eta horrek nortasuna ematen dio lanari. Metal sinfoniko hutsa jorratu daitekeenaren seinale, txapela kentzeko moduko lana, dudarik gabe. Hurrengo altxorraren zain geratuko gara. 

-  Puntuazioa/ Score: 9/10
- Abestirik onena/Best song: The Scent No. 13th