KAMELOT - Silverthorn (2012)

Aitortu beharra dugu Roy Khan abeslari ohiak taldea utzi zueneko deialdia egin zuenean Kamelotek asko iraungo ez zuela uste izan genuela. Doinu onak lortzen badituzte ere, abeslariaren ahotsak asko laguntzen baitzuen.

Eta hara non Roy Khanen anaia gaztearekin bueltatu zaizkigun amerikar-suediarrak! Benetako anaiak ez dira izango, baina Tommy Karevik abeslari suediar berriak ahots berdina dauka. Eta berdina diogunean berdina diogu, begiak itxita abeslari bion desberdintasunak zailak baitira nabaritzen. Apropos saiatu dira antzeko ahotsa aurkitzen Kameloteko kideak, Roy Khanekin lortutakoa jokoan ez jartzeko.

Silverthorn dauka izena Tommy abeslariarekin plazaratu duten disko berria, Poetry for the Poisoned aurrekariaren estilo berekoa. Ez da gustatu ez zaigula, baina Ghost Operan entzun genitzakeenak ditugu faltan. Hamabi abesti dauzka azken honek, eta guztiek batera Jolee izeneko neska bati buruzko kontzeptu albuma osaten dute.

Bikain hasten da diskoa, Manus Dei izeneko preludioarekin, zeinek Sacrimony singlelari sarrera ematen dion. Azken honetarako laguntza eskatu dute Kameloteko kideek, eta abestian Amaranthe taldeko Elize Rydek eta The Agonist taldeko Alissa White-Gluzek hartu dute parte. 

Eta jarraian, abesti onak, batez ere Tommyren ahotsari esker, eta baten bat nabarmentzearren, Veritas, My Confession eta Falling like the Farenheit liratezke. Hala ere, disko osoa gomendagarria da, aurrekariak eskainitakoaren ezer berririk ez badakarte ere. Diskoa Continuum abestiarekin bukatzen da, oso kuriosoa, lehen bi minutuak igarota isilunea baitauka, laugarren minutuan bigarren doinu bat hasten den arte, hurrengo diskoari keinu eginez. 

Eta azkenik harritu gaituen zerbait: Silverthorn abestian zehar entzun daitekeen umeen koroak ez al dauka Therion taldearen Sitra Ahra diskoko Children of the Stone abestiko ume-koroaren antz larregi? Entzun eta bazkoa eman baietz!

Taldearen jarraitzaileek gustuko izango dute betiko estiloaren baitatoz, abeslariaren ahotsa aldatu gabe. Ghost Opera bikaina izan zela diogun arren, hau ere entzun beharreko dela uste dugu.

- Abestirik onena/ Best song: Sacrimony
- Puntuazioa: 8/10