Aspalditik dakigu Euskal Herrian metal-talde bikainak dituguna. Baina metal sinfonikoa kili-kolo ibili da. Zorionez, heldu dira Diabulus in Musica taldeko kideak!
Secrets da gure lurraldean egindako lehen disko sinfonikoa eta metaleroa. Lehena izatearren onena, parekorik ez baitauka oraindik behintzat. Eta bestelakorik badator ere, kostatu egingo zaio pareko izatea, napartarrek dakarten lana izugarria baita.
Genero horretako lehen lan euskalduna izateaz gain, taldearen lehen lana ere bada. Debuta. Badakigu horrek zer esan nahi duen: normalean lan heldugabe baten aurrean egongo garela.
Hala ere, Zuberoa Aznárez abeslaria irudi duen taldeak traba guzti horiei gogotsu egin die aurre, eta maila askotan lehen lana izan den diskotzarra kaleratu dute. Ez da europa iparraldeko talde ospetsuen lanak baino gutxiago, eta harritu egingo ditu generoaren jarraitzaileak.
Koro ahots misteriotsuak eta bateria doinu gogorrak dira nagusi Secrets honetan. Abesti arin eta askotan berritzaileak, estribillo itsaskorrekin. Estilo desberdinak, eta guztiak modu bikainean jorratuak. Ilun hasi eta ilun bukatu. Ilun eta indartsu.
Come To Paradise abestiak aurreratzen du 11 abesti dituen lan honetan aurkituko duguna. Hasiera bortitza koro-ahotsek apaindua, eta estribilo fresko eta errez gogoratzekoa. Musika elektronikoa ere nagusi da. Eta gainontzeko abestiak ere halakoak, St. Michael's Nightmare azken kantura heldu arte. Tartean, generoari fidelak diren doinuak eta oso abestu landuak.
Agian Zuberoaren ahotsa hobe litekeen arren, eta debuta baino ez dela kontutan hartuta, potentzial handiko taldea dugu Diabulus in Musica. Metal sinfonikoa indartzen du Secrets lanak, eta baita euskal metala ere. Izen handikoak bilakatuko diren dudarik ez daukagu-eta, gomendagarria duzu oso disko hau.
- Abestirik onena/ Best song: New Era
- Puntuazioa/ Rating: 8/10