Jazza, musika klasikoa, ahots lirikoak eta metal gogorra nahasten dituen talderik ezagutzen al duzu? Agian bai, baina ez Diablo Swing Orchestraren (DSO, aurrerantzean) parekorik. Metal Storm guneak The Biggest Surprise bezala izendatu zuen zortzikoak The Butcher's Ballroom lehen lan harrigarria dakar.
Kondairak dioenez, XVI. mendean bazegoen suedian eliza luteranoak jarraitu zuen orkesta bat. Deabruari otoitz egitea leporatuta, urkatuak izan baino lehen, horien ondorengoak 500 urte geroago berriro ere batzeko hitza eman zuten. Eta hala, 2003an batu ziren DSOko kideak, antzinako orkesta haren ondorengoak omen direnak.
Ez dakigu duela bost mendeko orkesta hura nolakoa izango zen, baina argi daukagu gaur egungoak behintzat harrigarriak direla. Musika-elementu desberdinak modu bitxi batean nahasteaz gain, abesti borobil eta abstraktoak sortzeko gai izan dira lehen lan honetan.
Bi aktotan banatutako disko honetako gauza bitxiak ez dira abestiak soilik; izena ematen dien tituloak ere harrigarriak dira: mistikoak, dramatikoak eta luzeak. Gogoratzeko zailak. Hala ere, ez dugu zertan izenik gogoratu behar, abeti bakoitzak nortasun nahiko badauka bata bestetik desberdintzeko.
Jazza metalarekin nahastea nahikoa balitzateke ere, ahots lirikoek bikaintasuna ematen diote lan honi. Batez ere emakumezko ahotsak, Annlouice Loegdlund sopranoarenak. Izan ere, generoaren soprano-ahots indartsuena dela esan daiteke. Daniel Håkansson abeslariaren gizon-ahotsak ere oso jostagarriak dira, eta biek batera antzinako club ilun eta zirraragarrietara bueltatzen gaituzte.
Eta abestiak nolakoak diren? Ba, dramatikoak. Swing arin batekin hasten da lehen aktoa, Balrog Boogierekin; latinez, Annlouiceren ahots bortitza agerian uzten duena. Eta horri segika, abesti orekatu eta mistikoak. Metal munduan entzun ez diren doinuak entzungo ditugu The Butcher's Ballroom honetan. Instrumentu anitz eta kanta biziak.
Lehen aktoa bigarrena baino gehiago gustatu bazaigu ere, debut lan bezala ezin hobea da DSO taldeak eskaini digun hau. Metal munduan berritzailea, eta genero berri baten sortzaile.
- Abestirik onena/ Best song: Heroines
- Puntuazioa/ Rating: 9/10