THEATRE OF TRAGEDY - Storm (2006)


"Nostalgia handiz egingo dugu disko honen iruzkina. Penaturik idatziko ditugu ahaztuko ez dugun talde baten azken aurreko lanari buruzko hurrengo hitzak."


Storm da Theatre of Tragedy taldeak Nell Sigland abeslariarekin egindako lehen lana. Liv Kristine kaleratu zuten momentuak, jarraitzaile askok irudikatuko zuten taldearen amaiera, bera baitzen ikur. 

Zorionez, halakorik ez da gertatu, eta inoiz baino indartsuago ageri zaizkigu norbegiarrak disko honekin. Eta ahotsen kontura, Nellek bere lana bikain burutu duela esan behar dugu.

Taldearen seigarren albuma komertzialtxoa bada ere, orain arte plazaratutakoen onena dela uste dugu. Eta ez hori bakarrik, abesti guztiak gustoko ditugun lehen diskoa ere bada. 

Izan ere, abesti guztiek daukate berezia den zerbait, atmosfera propio bat. Lanaren izen bereko Storm singletik hasi, eta Debris kantuan bukatu arte. Abesti arinak, baladak eta doinu atmosferikoak aurki daitezke ugari, disko osoan zehar bidaia desberdinak egingo bagenitu bezala. 

Ahots guturalik ez dugu aurkituko, baina faltan ere ez ditu botako entzuleak. Gizonezko eta emakumezko ahots leunekin nahiko izan dute Theatre of Tragedy taldeko kideek Storm album eder eta hunkigarri hau eskaintzeko. Dudarik gabe, generoaren jarraitzaileek entzun beharreko lan bikaina; begiak itxi, eta lasai entzun eta disfrutatzekoa. 

- Abestirik onena/ Best song: Ashes and Dreams
- Puntuazioa/ Rating: 9.5/10