Luzea izan da Theatre of Tragedy taldearen ibilbidea. 1996ko Der Tanz der Shattenetik 2009ko Forever is the World abestira publiko egin diren gertakizunez gain, ziur gaude beste hainbeste bizipen geratu direla gordeta. Eta horrek ere hare bereziago egin ditu norbegiarrak.
Phobia, Suffering Grief, Le Reine Noir, Theatre of Tragedy. Ibilbidea baino, taldearen historia izan da luzea. Generoaren historia idazten hasi ziren lehenak izan baitziren. 1993ko urte hartan taldeak Liv Kristine abeslari ezezaguna hartu zuen gidari, eta harekin hasi zuten luzaro iraungo zuen bidaia. Harekin hasi, eta baita zati handi bat egin ere. 9 urte eta 5 disko. Livek Nell Singlandi utzi zion tokia, eta azken honek lurreratu zuen aspaldian itsasoratutako ontzia. 5 urte eta disko bi, EP bat eta zuzeneko emanaldi bat, Last Curtain Call.
2011an bukatu zen mistiko hauen historia. Historia diogu, eta ez istorioa. Historia egin dutela diogu, emakumezko ahotsak nagusi diren metalaren generoan behintzat. Musika elektronikoa, doinu leunak eta doinu ilunak jorratu dituzte urteotan. Trantzizio handikoak; bai musikan eta baita taldekide aldetik ere.
Gutxik izan dute Liv Kristine abeslariarekin abestu eta orduak partekatzeko ohorea. Eta bukaera erraza izan ez bazen ere, taldea harro egon liteke haren lehen taldea izateaz. Eta Nell Singlad harro egon liteke historia honeni amaiera ezin hobea eman baitio.
Last Curtain Call azken emanaldi hau ez da, beraz, edozein ekitaldi. Talde esanguratsu honen ibilbidea laburtzen saiatzen den lanaren aurrean gaude. Ezin edozein lan izan. Eta urte guzti hauek hitz gutxitan, edo hobe esanda, abesti gutxitan kontatzea zaila bada ere, asetuta gera daiteke jarraitzailea.
Efektu-bereziak soberan daude edukia, mamia bikaina bada. Eta hala, Last Curtain Call ikuskizunak ez dauka ez surik ezta su-artifizialik ere; baina beharrik ere ez du. Historian zehar bidaian garamatzan doinuek ez dute inongo apaingarririk behar, talde hutsarekin nahiko dugu. Apalak izan dira urte guzti hauetan, eta amaierak ere hala behar zuen.
Besterik ez dugu esango. Zuekin, askoren inspirazio izan den eta parekorik ez duen Theatre of Tragedy taldearen azken emanaldia: Last Curtain Call. Humila bezain ederra; misteriotsua bezain hunkigarria.
- Abestirik onena/ Best song: Forever is the World
- Puntuazioa/ Rating: 10/10